Zailtasunei aurre egin, eta oporrak bakean egin nahi dituzte aurten ere
Saharar errefuxiatu kanpamentuetan jaiotako haurrak ekaina amaieratik abuztu amaierara arte hartzeko familia bila ari da Oporrak Bakean erakundea joan den otsailaren 11tik. Baina COVID-19aren kontrako neurriek bete-betean harrapatu dituzte horretarako urtero egiten dituzten egitasmoak.
Kanpaina gogor hasi eta informazioa eskatzera joan ziren batzuk. Baina, neurriekin, herriz-herriko aurrez-aurreko jarduera guztiak eten egin zituzten, hala nola, hamabi panelez osatutako erakusketa didaktiko bat, eta jendea erakartzeko prestatutako programak. Horri, beste arazo bat gehitu zaio: “Gerturatzea erabakitzen duen familiari lehen informazioa emailez edo telefonoz pasa diezaiokegu, baina gero aurrez-aurreko elkarrizketak egin behar dira, eta horretarako zailtasunak ditugu”, dio Eli Eizagirre Oporrak Bakeaneko koordinatzaileak. “Normalean familiek edo jendeak izena ematea oso zaila bada, une honetan oraindik zailagoa”, gehitu du.
Edozein kasutan, egoera honekin, sare sozialak ari dira erabiltzen familiak erakartzeko, momentuz kanpainak martxan jarraitzen baitu. Bidaia bat baino gehiago da aurtengo leloa. “Guretzat, Oporrak Bakean bidaia bat da gure etxera oporrak pasatzera datozen haurrak ekarri nahi ditugulako, baina bidai horretan, modu paraleloan, programak dituen helburuak betetzen dira, kanpamentuetatik ateratzea eta beste errealitate bat ikustea, esaterako”, dio Eizagirrek.
EAEn guztira 100 harrera familia berri erakarri eta Donostiara 30 ume etortzea lortu nahi dute. Eizagirreren hitzetan, hiru baldintza bete behar ditu haurrak hartu nahi dituen familia edo pertsonak: “Denbora izatea, nahi izatea eta konpartitu nahi izatea. Berdin zaigu helduak, jubilatuak ala gazteak diren, seme-alabekin edo gabe, pertsona bat edo bi”.
Koronabirusik ez momentuz kanpamentuetan
“Momentu honetan ez dago kasurik errefuxiatuen kanpamentuetan, baina beraiek ere konfinamendu egoeran daude”, azaldu du Eizagirrek. Hemen etxeetan geratzen hasi behar izan genuen egunetan, hango gobernuak adierazi zien haimetan —dendetan— geratu behar zutela, eta ezin zutela herriz-herri ibili. “Errepideak itxi dituzte eta bakoitzak bere haiman egon behar du, atera gabe”, azaldu du.
Dena den, udan etorri ahal izateko gauza gehiago argitu behar direla dio Eizagirrek: “Hemengo alerta egoera kendu behar da, arrisku guztiak desagertu, eta birusak Afrikan duen eragina ikusi behar ditugu”.
Gainera, gurasoak lortzeko kanpaina apirilaren 30ean amaituko da, baina horren ondoren lan burokratikoa hasten da, esaterako, haurrentzat pasaporteak eta bisak lortu, eta harrera familien inguruko informazioa izateko paperak egitea. Kasu horretan ere, azaltzen joan daitezkeen traba administratiboei eta beste modukoei ere aurre egin beharko diete Oporrak Bakeanetik. “Programa honetan jende asko ari da lanean eta entitate askoren parte hartzea exijitzen du. Hori dela eta, ez dakigu egoera honek aukera emango digun aurten martxan jartzeko”, gehitu du.
Dena den, Eizagirrek argi du: “Guri Mendebaldeko Saharako gobernutik printzipioz baietz esan digute, eta gure nahia haurrak etortzea da; gure esku dagoen guztia egingo dugu horretarako”.