102 boluntario daude Intxaurrondoko zaintza sarean
Intxaurrondoko zaintza sarea buru belarri dabil lanean alarma egoera ezarri zutenetik, eta 102 dira dagoeneko izena eman duten boluntarioak. Pozik agertu dira horrekin zaintza sarekoak, eta adierazi dute boluntarioen %65 emakumeak direla. Era berean, informazio edo laguntza eske jaso dituzten dei guztiei erantzuna eman dietela azaldu dute, eta, orain arte hogei etxetan lagundu dutela, guztira 35-40 pertsonari artatuz. Ildo beretik, auzoko zonaldeen arabera hainbat desberdintasun antzeman dituzte: “Intxaurrondo Hegoan boluntario asko dugu eta laguntza dei gutxi, jende gaztea bizi da eta; ordea, Los Luises, El Coro, Irurak eta Zarategi aldean boluntario gutxiago eta dei asko”. Gehienbat, erosketak egiteko eskatu diete laguntza, baina baita farmaziara joateko eta zaborra ateratzeko ere.
Zaintza sarekoek azaldu dutenez, alarma egoeraren lehenengo egunetan boluntario asko aurkeztu ziren, baina laguntza dei gutxi jaso zituzten. Aldiz, pixkanaka, auzotarrek egitasmoaren berri izan dute –saltokietan jarritako kartelengatik, udalak zaharrei egindako deietan informazioa eman dietelako, edo dena delakoagatik–, eta gero eta dei gehiago jaso dituzte laguntza eske. Horretaz gain, prebentzio neurriak betetzeko protokolo bat garatu dute, eta laguntza jasotzen duten pertsonek boluntario bera izango dute beti, hau da, ez dute errotaziorik egiten. Bestalde, maskarak auzoko denda batek egin dizkiela nabarmendu dute: “Aymarile artisau dendako kideek eskuz egindako maskarak eman dizkigute, lanean ari diren boluntarioei emateko”.
Udalarekin izan duten harremana “egokia” izan dela adierazi dute, “laguntza eta elkarlana” eskaini baitiete. Hala ere, azpimarratu dute udaleko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek egindako adierazpen batzuek min egin dietela, zaintza sareeekiko “mespretxua eta mesfidantza” helarazi dutelako. Horregatik, zaintza sareen lana aintzat hartu beharko luketela uste dute: “Hobe Donostiako zaintza sareen lana babestu eta baliabideak beste kontu batzuetan xahutu ordez, jendearen beharra asetzera bideratuko balute”.
Oro har, orain arte egidako lanaren eta bizitako egoeraren “balorazio gazigozoa” egin dute Intxaurrondokoek: “Batetik egoera gogor honen gazia, gutako askok ezagutzen ez genuen errealitate sozial ezkutua ere azaleratu du honek, Mugimendu Feministak aipatzen duen zaintzaren krisia inoiz baino nabarmenago azaltzen zaigu. Alde positiboan, ordea, instituzioak iritsi ez diren (edo berandu iritsi diren) hutsune horiei erantzuna emateko auzotarrok komunitatean eta auzolanean antolatu gara”. Horren harira, zaintzaren inguruko hausnarketa bat ere plazaratu dute zaintza sarekoek: “Gure sarea oinarrizko beharrak asetzera (bizirauteko zerbitzuak edo dena delakoa) bideratu dugu, baina pertsonok beste behar batzuk ere baditugu (afektiboak, artistikoak, hezkuntzari dagozkionak, eta abar), eta konfinamendua bukatu eta gero egoera ere zaila izango da (balizko krisi ekonomikoa, kaleratzeak, eta abar), horren aurrean ere elkar zainduz erantzungo dugu”.