85 etxetako 110 boluntario baino gehiago ditu Antiguako zaintza sareak
Igandean hiru aste beteko dira konfinamendu egoera hasi zenetik, eta zaintza sareen beharra duten herritarrak gero eta gehiago dira, egoera zaurgarrian dauden pertsonak kalera ateratzeak izan ditzaken arriskuak direla eta. “Jakin topera gaudela”, adierazi dute Antiguako zaintza sarekoek. Atzo, apirilak 2, jakinarazitako datuen arabera 110 pertsonak baino gehiagok eman dute izena sarean boluntario aritzeko.
Antiguako auzokideei laguntzeaz gain, Ibaeta eta Aieteko bizilagunei ere janaria erosten edo zaborra jaisten aritu dira. Aietek ez zuen zaintza sare espezifikorik asteazkenera arte, eta Ibaetan, momentuz, ez dago sare espezifikorik.
Beraiek jaso dituzten datuek diotenez, guztira 30 zerbitzutik gora egin ditu Antiguako zaintza sareak, 45 auzokide baino gehiago lagunduz. Dena den, eskainitako zerbitzuez gain, informazioa edo laguntza eskatzeko, boluntario izateko edo eskerrak emateko jasotako “dozenaka” dei egon dira.
Aipatutako puntuez gain, “Donostiako gainontzeko auzo/herrietako sareekin” koordinazioa hobetzen joango direla adierazi dute. Horrekin helburu bikoitza lortu nahi dute: “ahots bakarra izan” eta “eraginkorragoak” izan.