Antiguako Jakintza Ikastolan, opera ere abesten dugu!
Duela lau urte murgildu ginen abentura berri honetan; LOVA (opera bizitzaren ikasketa) ardatz hartuta opera proiektu eraikitzaile bat lantzen, hain zuzen.
LH2ko 3 geletan proposatutako ikasturte osoko proiektu honetan, taldeko lana hartzen da oinarri. Gelako ikasle bakoitzak bere papera du, opera barruan eta baita ikasle taldean ere.
Hasteko, gelako kide guztien laguntasuna eta konplizitatea lantzeko, talde jolasak egin ohi dira lehen hiru hilabetekoan. Ezinbestekoa da gure konpainia talde sendo bat izatea, opera aurkeztu aurretik.
Konpainia sortzen goazen heinean, oso garrantzitsua da, ikasleek sentitzen duten guztia idazten joatea. Idatzi hauek, agerian azalduko dira ikastolako pasilloetan. Prozesu garbia eta benetakoa baita proiektu honek dakarrena.
Operan bertan lanbide asko lantzen dira, baita ikasi ere. Ondorioz, ikasle bakoitzak zertan egin nahi duen lan aukeratuko du. Bakoitzak bere burua non kokatu nahi duen baloratuko du, non ikusten den erosoen hautatu.
Lanbide horiek guztiak, operaren emanaldia aurrera ateratzeko ezinbestekoak direnak dira: dekoratzaileak, makillatzaileak, atrezzo arduradunak, soinu teknikariak, argi teknikariak, abeslariak, aktoreak, musikariak, errealizadoreak
eta zuzendariak.
Behin gelako kideen arteko «opera konpainia» sortuta, operaren gidoia eta musika aukeratzen hasiko gara bigarren hiru hilabetekoan. Honekin batera, bakoitza bere lanbidea zertan datzan ikasten joango da.
Behin entsegu, prozesu, lan taldea eta estreinaldiaren inguruko xehetasunak definituta, guztien artean opera martxan jarriko da. Fase honetan, sentimendu, sentsazio, urduritasun eta zalantza guztiak idazten joango gara,
noski.
Opera den moduan, antzerki, musikal edo kontzertu bat izan daiteke ere. Guztia aitzakia bat baita ikasle guztiak elkarlanean jartzeko, bakoitzak bere aletxoa edo ekarpena egiten duen bitartean lanbide bakoitzarekin.
Estreinaldiaren egunean, ikasle guztien familiak gonbidatuko dira, ez baita ikuskizun musikala soilik ikusiko. Honen atzean dagoen lan guztia erakutsiko da. Urte osoan landutako proiektu eraikitzaile honetan, ikasle bakoitzak barneratu dituen konpetentzia, helburu eta prozedura guztien isla izango da emanaldia.
Eta noski, hau guztia aurrera ateratzeko, ikasleen talde lanaz gain, ezinbestekoa da, irakasleen, familien eta zuzendaritzaren elkarlana. Honek sortzen duen sarea baita atmosfera lagungarriena gazteentzat.