Donostia euskarazko hitzen bitartez ezagutzera emateko egitasmoa ipini dute martxan
Donostian egon ez denak hiria ezagutzeko modu berri bat du eskuragarri. Donostia Turismoak eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak Donostia Hitzetan izeneko egitasmoa bultzatu dute. Honen helburua da etxean geratu bitartean hiria ezagutzeko modu desberdin eta bereizgarri bat eskaintzea hemen egon ez direnei: euskararen bitartez.
Parte hartu nahi duenak, norberaren euskarazko hitz gustukoena aukeratu eta argazki, bideo edo beste motatako euskarri sortzaile baten bitartez partekatu behar du Facebook, Instagram edo Twitterren #DonostiaHitzetan traola erabiliz. Whatsapp bidez ere partekatu daiteke 607187462 telefonoan. Egitasmoan parte hartzen duten guztien artean “Arbaso- Narru Esperientzia” bat zozketatuko dute, afaria, gau bat eta gosaria barne hartzen dituena.
Era berean, partekatutako eduki guztiekin bideo bat egingo dutela azaldu dute Donostia Turismoak eta euskara zerbitzuak, “a city word seeing” leloarekin, zabaldu ahal izateko.