"Euskal erbestea salduta zegoen"
‘Irutxulo’ astekariak Mario Salegi elkarrizketatu zuen 1999an, Iñaki Egañak bere bizitzari buruz idatzitako ‘Mario Salegi. La pasión del siglo XX’ liburuaren harira. Ainhoa Irazu kazetariak sinatu zuen elkarrizketa, eta 36ko gerraz, euskal erbesteaz, Bigarren Mundu Gerraz, New Yorkeko bizitzaz eta FRAP eta ETA taldeekin izan zuen harremanaz hitz egin zuen Salegik.
Hainbat talde politikorekin harremanak izan zituela ikusita, politikoki bere burua nola definitzen zuen galdetu zion Ainhoa Irazu kazetariak Salegiri, elkarrizketa hastean. Beste ezeren gainetik “independentista” zela zioen gudariak, eta horrela azaltzen zuen bere pentsatzeko modua: “Mundu berdinzaleago baten bila ibili naiz. Ildo horretan bat egiten nuen EAJren hainbat hastapenekin. Beste hainbatekin, berriz, ez. Esaterako, ateoa naiz eta euskal paganismoaren aldekoa. EAJko buruzagiek komunistatzat hartu ninduten behin baino gehiagotan”.
36ko gerraren inguruan hitz egin ondoren, nazi disidenteekin izandako harremanen inguruan galdetu zion Irutxuloko kazetariak Salegiri, eta honakoa izan zen donostiarraren azalpena: “Ingelesekin hasi ginen, baina gero konturatu ginen ingelesek ez zutela frankismoarekin bukatzeko asmorik. Beraz, alemaniar disidenteekin bat egin genuen. Alemaniarrek minoriei estatu bat eskaintzen zieten, euren asmoa etsaia zatitzea zen”.
ETArekin izan zituen harremanez ere mintzatu zen Salegi. Haren arabera, Euskal Herriko gatazka nazioartean ezagutzera eman behar baitzen: “Saiatu nintzen euskal arazoa nazioartean ezagutarazten. Horixe izan da ETA eta HBren erru nagusia; ez dute jakin euskal arazoa nazioartean ezagutzera ematen”.
Elkarrizketaren bukaeran, Delia Lauroba eta Itziar Mujika donostiarrek erresistentzian izan zuten garrantzia aitortu zuen Salegik: “Deliak eta Itziarrek Bilboko Tere Verdes eta Elizondoko Bitxorirekin batera lan egin zuten Luis Alavak zuzentzen zuen sarean. Lehenbiziko erresistentzia sarea izan zen. Emakumeen lana oso garrantzitsua izan zen”.