Euskal Herriari eta askatasunari emandako bizitza bat
Hilaren 22an hamabost urte beteko dira Mario Salegi hil zenetik. Donostiak eman duen borrokalari sutsuenetako bat izan zen Salegi: 36ko gerran Donostia defendatu zuen, AEBetara erbesteratu zen, eta Bigarren Mundu Gerran parte hartu zuen. Makartismoaren garaian, ordea, Mexikora erbesteratu zen eta kazetari lanak egin zituen han, idaztea baizen bere pasio nagusia. Ondoren, New Yorken jarri zen bizitzen, eta handik, etengabe Francoren aurka konspiratzen aritu zen, AEBetako zerbitzu sekretuen begiradapean zegoen bitartean. Beste ezeren gainetik, "euskal tribuaren" askatasuna zuen helburu.
Hasieratik ezohikoa den bizitza horietako bat da Mario Salegirena. 1918. urteko apirilaren 17an jaio zen Donostian, Urgulleko gazteluko igoerako 17. zenbakian. Bere amak, Escolastica Ostolazak, 19 urte zituen orduan, eta ezkongabea zen.
Garai hartan, hori ez zen begi onez ikusten, eta Escolasticaren anaia zaharrak, Hilariok, semea inklusara eramateko agindu zion. Escolasticak, ordea, ordurako ezkonduta zegoen bere ahizpa Pilarren etxera eraman zuen bere semea, eta han hezi zen. Hala ere, ama ez zen Salegirekin ahaztu, egunero dirua eramaten baitzion bere ahizpari, haurraren gastuak estaltzeko. Gerora, Escolasticak beste bost seme-alaba izan zituen. Hala ere, bere abizenak –Ostolaza Ascunce– jarri zizkion Mariori. Handik urte askotara, Mariok bere aitaren abizena hartu zuen: Salegi.
Iñaki Egaña historialariak 1999an idatzitako Mario Salegi. La pasión del siglo XX biografian Salegik berak azaltzen duenez, umetan kaian ibiltzen zen jolasean, eta han bizi zen gizon batek, ikusten zuen bakoitzean duro bat ematen zion. Salegik orduan ez zekien, baina gizon hori Eduardo Salegi zen, bere aita. EAJkoa zen, eta hainbat kargu izan zituen Gipuzkoa Buru Batzarrean. Beste hiru seme-alaba izan zituen ondoren Eduardok.
Nahiz eta gero ahaztu egin zitzaion, umetan euskaraz hitz egiten zuen Salegik, eta horren harira izan zuen bere bizitzako lehenengo liskarra. Izan ere, oso gaztea zela, Zurriolako eskolako maistrak euskaldunei esan zien “basati batzuk” zirela, “Cervantesen hizkuntza ez hitz egiteagatik”. Salegik, orduan, tintontzia bota zion, eta maistrak, zigor gisa, Aldamar kaleko burdin hesian zintzilikatu zuen, Jesu Kristo balitz bezala.
Gaztetan, komunista
1931. urtean izan zuen Salegik bere lehenengo esperientzia politikoa, Gobernu Zibila eraso zuten ezkertiarren amnistia eskatzeko manifestazioetan parte hartu zuenean. Primo de Riveraren aurkako Federacion Universitaria Escolar erakundeko Donostiako idazkari nagusi izendatu zuten orduan. Han, Jesus Larrañaga komunista ezagutu zuen, eta, haren bidez, PCEren gazte erakundean sartu zen.
PCEren ekintzetan parte hartu zuen Salegik urte haietan, eta 1935eko udan Donostiatik Parisera oinez joan zen beste bi kiderekin, hiriburu frantsesean egitekoak ziren kongresu komunista batean parte hartzeko. Egañak azaldu duenez, kontakizun horrek txundituta utzi zuen: “Pariseraino oinez joan zirela esan zidanean, harrituta gelditu nintzen, baina hala izan zen”. Bidaia hartatik, ordea, Europako mugimendu komunistarekin haserre itzuli zen, eta Donostiara itzultzean, alderdi komunista utzi zuen. Orduan hurbildu zen lehen aldiz berak “tribua” deitzen zuen horretara, Jagi-Jagi erakundean sartuz. Salegirentzat, Euskal Herria nazio gisa ulertzen zuen oro zen tribuaren parte, eskuinetik ezkerrera.
Eta 36ko gerra piztu zen
1936ko uztailaren 21ean, tiro hots batzuek esnatu zuten Salegi. Bere pistola hartu, eta kalera irten zen, Lasala plazan topatu zituen miliziano batzuekin bat egiteko. Klub Nautikoa, Kasinoa eta Maria Cristina hotela eraso zituzten, eta, egun batzuk geroago, Loiolako kuartelen setioan parte hartu zuen. Verano del 36. Memorias de un gudari nobelan azaldu zuen Salegik esperientzia hori, eta Txalaparta argitaletxeak bera hil ondoren kaleratu zuen, 2005ean.
Lehenengo enfrentamendu haien ondoren, ANVren lehenengo batailoia sortu zuten Salegik eta bere kideek, eta Irungo frontera bidali zituzten, Candido Sasetaren aginduetara. Bataila galduta zegoenean, Donostiara itzuli zen, ondoren Asturiasko frontean borrokatzeko. Irungo bizipenak 1980an argitaratutako Morir en Irun liburuan bildu zituen.
Atzera egiten joan behar izan zuten Asturiasen, Sabigainen zauritu zuten arte. Bere aitak Santanderrera eraman zuen EAJko kideekin batera babestuta. Santoñako hitzarmenaren ondoren, ordea, faxista italiarrek atxilotu egin zuten, eta El Duesoko espetxera eraman zuten. 30 urte eta egun bateko zigorra ezarri zioten, baina 1937tik 1940ra langile batailoietan aritu ondoren, aske utzi zuten, zerbitzu militarra egitera behartuta.
Salegik desertatu egin zuen, eta EAJren lehenengo erresistentzia taldeetan aritu zen, soldadu britainiarren instrukzioa jasoz. Garai hartan, donostiarraren bizitzako pasarterik arraroena iritsi zen. Haren arabera, Bordeleko armada naziko soldadu bat Donostiara heldu zen, eta Salegirengana jo zuen. Hitlerren estrategiarekin –SESBen sartzea– bat egiten ez zuen disidentzia naziko kidea zen soldadu hori, eta mugako posizio naziak erasotzeko proposatu zion Salegiren taldeari. EAJren menpe zegoen talde bat zenez, Hitlerrek britainiarren probokazio baten moduan hartuko zuen, eta SESBen sartu ordez, Espainia hartuko zuen. Horren truke, euskal estatu independente bat eskaini zioten nazi disidenteek Salegiren taldeari. Bizipen horiek Operación Carlomagno nobelan bildu zituen donostiarrak, 1988an. Egañaren arabera, Salegi da horren lekuko bakarra: “Aditu askorekin kontsultatu dut, baina inork ez du halakorik entzun. Ez dut ukatzen egia denik, baina bere hitza da bakarra. Nire zalantzak helarazi nizkionean, berak behin eta berriro esaten zuen hori horrela izan zela”.
Aliatuek Francoren aurka joateko asmorik ez zutela ikusita, erbestera joateko beharra ikusi zuen Salegik. EAJren erresistentziak aginduta, New York, Madril eta Cadiz arteko hainbat bidaia egin ondoren, AEBetan geratzeko erabakia hartu zuen 1941ean. Aurretik, ordea, erresistentziaren enkargu bat egin behar izan zuen Salegik Donostian, eta bost urteren ondoren, bere ama ikustera joan zen. Orduan ezagutu zuen Javiera Astigarragak (Donostia, 1935), gaur egun amaren partez bizirik jarraitzen duen Salegiren arreba bakarrak: “Nik 5 edo 6 urte nituen, eta beldurra eman zidan, ezkutuan etorri zelako, aurpegia ia guztiz estalita. Nire amari galdetu nion ea nor zen, eta esan zidan nire anaia zela”.
Gerra batetik bestera
New Yorkera heldu zenean, orduko Eusko Jaurlaritzak emandako dokumentazioa baino ez zuen Salegik, beraz, arazoak izan zituen AEBetan. Merkataritza nabigazioan hainbat bidaia egin zituen, baina bizi zuen egoerarekin nazkatuta, AEBetako armadan izena ematea erabaki zuen 1943ko martxoan, horrela nazionalitate estatubatuarra emango ziotelako.
Zerbitzu militarra egin eta Boston eta New Yorkeko base militarretan hainbat lan egin ondoren, Ozeano Pazifikora bidali zuten gerra egitera, 1944ko otsailean. Pazifikotik egin zituen bidaia gehienetan itsasontzietako tripulazioko kidea zen, baina ez zuen gerra fronteetan parte hartzen. Urte hartako urrian, ordea, Filipinasko frontean parte hartu zuen.
Boston eta New York artean egindako bidaietan Julio Alvarez del Vayo ezagutu zuen, ondoren FRAP taldearen bultzatzailea izango zena. Gerra bukatuta, harremana mantendu zuten, Francoren aurkako erresistentziarekin bat egin nahi baitzuen Salegik. Helburu horrekin joan zen Parisera, baina Aliatuek frankismoaren aurka joateko asmorik ez zutela ikusita, merkataritza nabigazioan sartu zen berriz. Ia hiru urte eman zituen horrela, 1948an Mexikon Filosofia eta Letrak ikastea erabaki zuen arte. Hala ere, bere helburu nagusia Euskal Herrira itzultzea zen, tribuarekin bat egiteko.
Ez zituen ikasketak bukatu, kazetari lanak egiten hasi baitzen Mexikoko Novedades eta Daily News hedabideetan, eta Patria eta Cesarman editorialetan. Los Angelesera joan zen ondoren, eta, handik, Brasilera, Panamara, Guatemalara eta Costa Ricara bidali zuten, La Opinión hedabidearen korrespontsal gisa.
Makartismotik ihesi
Los Angelesetik New Yorkera joan zen 1952an, eta Brigada Internzaionaletako beteranoekin harremana izan zuen Salegik urte haietan. Hain justu, Lincoln Brigadako festa batean ezagutu zuen 1952an Miriam Nurmberg, bere emaztea izango zena.
Gerra Hotzaren garaia zen, eta ordurako, abian zen makartismoa, ustez komunista zen ororen aurkako jazarpen mugimendua. Hori dela eta, Salegiren dokumentazioa berritzeari uko egin zion AEBetako gobernuak. Hiru antikomunista eraman behar zituen tribunal baten aurrera, bera komunista ez zela frogatzeko. Bi baino ez zituen lortu, eta tribunalekoek Brigada Internazionaletako kide izatea leporatu zioten.
AEBetako agintariek, beraz, komunistatzat zuten Salegi, nahiz eta ordurako askoz hurbilago zegoen ezker abertzaletik komunismotik baino. Salegi eta Nurmberg Wisconsinera joan ziren bizitzera, baina ustez komunistak zirenez, komeria ekonomikoak pasa zituzten. 1955ean, FBIk bikotearengana jo zuen, Lincoln Brigadako kideak salatzeko exijituz. Egoera ikusita, alde egiteko erabakia hartu zuten, eta Mexikora joan ziren.
Azkenean, urte lasaiagoak
1959an AEBetara itzuli ziren, New Yorkera. Nurmberg Columbia Unibertsitatean lan egiten hasi zen, eta Salegi Library Journal editorialean. Makartismoaren eragina, aldiz, indartsua zen oraindik, eta lanean hasi eta gutxira, kaleratu egin zuten.
Nazkatuta, bere liburu denda propioa ireki zuen Salegik: Ibero American Books. Gaztelaniazko liburuak argitaratzen zituzten Mexikoko eta Espainiako editorial guztien helbidea zuenez, liburu horiek AEBetako merkatura eramaten zituen. Egañaren arabera, beste iheslari batzuek ez bezala, ordutik, bizitza nahiko erosoa izan zuen Salegik: “Ikusi zuen gaztelaniazko hiztun asko zeudela AEBetan, baina liburu gutxi. Beraz, liburuen inportazio eta esportazio enpresa hori sortu zuen, eta asmatu egin zuen”. Negozioari esker, hainbat bidaia egin zituen, horietako bat, 1962an edo 1963an, Madrilera.
Han egonda, urte askoren ondoren, Donostiara etortzeko aprobetxatu zuen. Orduan ezagutu zituen aitaren partez zituen anai-arrebak. Jokine Salegi (Donostia, 1936) da alde horretatik gaur egun bizi den arreba bakarra, eta hala gogoratzen du bere anaia ezagutu zuen eguna: “Bulebarreko denda batean egiten nuen lan, eta Mario dendara etorri zen, gure anaia Dodakak esan ziolako nik hor egiten nuela lan. Dodakak bazekien Ameriketan anaia bat genuela, baina nik ez. Sartu bezain laster, ordea, ezaguna egin zitzaidan, ez dakit zergatik. Mariok ez zidan ezer esan, baina gure beste ahizpak, arratsaldean, kontatu zidan Dodakak Marioren berri eman ziola. Orduan, esan nuen, ‘badakit nor den, gaur dendara etorri da!’”.
New Yorketik konspiratzen
1959az geroztik, New York izan zuen bizileku Salegik, eta Francoren aurkako erbesteratuekin askorekin harremanak izan zituen, hala nola, aurretik ezagutzen zuen Alvarez del Vayorekin eta Manu de la Sotarekin. Alvarez del Vayoren bitartez, bere liburu denda espetxe frankistetako preso komunistentzat dirua biltzen zuen Comitee for Democratic Spain erakundearen egoitza izan zen lehenengo, eta Democratic Spain erakundearena ondoren, FRAP taldea finantzatzeko eta euren idatziak zabaltzeko helburuarekin. Hala azaltzen zituen urte haiek Salegik Egañaren liburuan: “Eguna negozioarentzat zen, eta gaua lan politikoarentzat”.
EAJrekin oso kritikoa izan zen beti, erlijioarekiko zuten posizioarengatik, batez ere, baina euskal tribuaren senari jarraiki, hainbat lagun jeltzale izan zituen, hala nola, Jesus Galindez. Egañaren arabera, oso harreman estua zuten: “New Yorken bizi ziren biak, eta parranda asko egin zituzten elkarrekin. Salegik argi zuen Galindezek AEBetako zerbitzu sekretuentzat egiten zuela lan. Horregatik, desagerrarazi zutenean, bere espedientea eskuratzen saiatu zen, baina ez zuen lortu”.
Ordurako, FBIren begiradapean zegoen Salegi, 1964an bere jardueren inguruan galdezka joan baitzitzaizkion, nazioarteko mugimendu komunistako kide garrantzitsu bat zela uste zutelako. Handik urte askotara, bere espedientea kontsulatu ahal izan zuen Salegik, eta ikusi zuen zerbitzu sekretuak 1978ra arte bere atzetik ibili zirela.
1965ean, Espainiako polizia bat bere dendako langile gisa infiltratu zen, eta Madrilen salatu zuen Ibero American Books ETAren esku zegoela. Salegik, garai hartan, ia ez zekien ETA existitzen zenik ere, urte batzuk lehenago Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-rekin Bruselan izandako elkarrizketa batean baino ez zuen izan erakundearen berri.
Hala ere, negozioa itxi zioten. Hurrengo urteetan, bere jardun nagusiak idaztea eta Democratic Spainean lan egitea izan ziren, 1970eko Burgosko Prozesua heldu zen arte. Orduan, egunero Iberiaren bulegoen aurrera joaten zen, ikurrina batekin eta protesta pankarta batekin. Egunak pasa ahala, euskal diasporako eta erbeste espainiarreko hainbat kide batu zitzaizkion, halako batean istiluak izan, eta poliziak handik kolpeka bota zituen arte. Egañaren arabera, hortik aurrera, hainbeste maite zuen tribuarekin bat egin zuen berriz: “Mariok ez zuen inoiz borroka utzi, baina Burgosko Prozesuaren ondoren, Euskal Herrian sortu zen belaunaldi berri horretan militatzen hasi zen”.
Garai hartan, Julen Madariagak, ETAren sortzaileetako batek, gutun bidez erakundearentzako dirua eskatu zion. Beraz, Alvarez del Vayo Democratic Spain zuzentzen gelditu zen, eta Salegik beste batzorde bat sortu zuen, ETAren finantziazioan aritzeko eta erakundearen idatziak AEBetako euskal erbesteratuen artean zabaltzeko. Bitxikeria gisa, Carlos Legazpi ezizena erabiltzen zuen Salegik ETAko buruzagiekin, eta Auñamendi entziklopedia argitaratu zutenean, bere argazkia izen horrekin ageri zen.
Asko ikertu zituen zerbitzu sekretuek euskal herritarren inguruan zituzten informazioak, eta ikerketa horiei esker Manuel de Dios Unanueren laguna egin zen. Honek, hil aurretik, bere artxiboa Salegiri eman zion, eta dokumentu haiei esker atera zituen Txalaparta argitaletxeak El caso Galíndez. Los vascos en los servicios de inteligencia de EEUU (1999) eta Expediente vasco. CIA y FBI en Euskal Herria (2003) liburuak.
Azken urteak
1970eko hamarkadatik aurrera, Salegi eta Nurmbergen etxea New Yorkera joaten ziren euskal herritar guztien etxea izan zen. Era berean, Franco hil ondoren, lasai etor zitekeen Donostiara, eta urtero etortzen hasi zen. Harremana estutu zuen orduan bere anai-arrebekin eta ilobekin, eta nostalgiaz gogoratu du hori Javiera Astigarragak: “Nahiz eta ez ginen luzaroan ikusi, asko maite genuen elkar. Gainera, urteekin komunean hainbat gauza genituela ikusi genuen, esaterako, gaztetan irakurtzeko gustuko genuen lekua. Jakin gabe, biak Urgulleko toki berera joaten ginen irakurtzera gaztetan, gure artean 18 urteko aldea bazegoen ere”.
Bestalde, Jokinek bere anaiak tribuarekiko zuen sen politikoa gogoratzen du, batez ere: “Mario eta Miriam etortzen zirenean, ostiraletako presoen aldeko enkarteladetara joaten ziren gurekin. Horretaz gain, pena handia ematen zion euskara ahaztu izana”.
Egañak, bere aldetik, labur definitu du Salegi: “Gutako bat zen. Berarekin munduaren amaiaerara arte joan zintezkeen”. Era berean, idatzitako dokumentu gehienak argitaratu gabe daudela gogoratu du: “Testu guztiak Miriamek orrazten zizkion, izan ere, hiztun ona zen, baina ez hain idazle ona. Testu horiek orraztu gabe daude, eta Mario hiltzean, Miriamek Nevadako liburutegiari eman zizkion, dohaintzan”. Bi ziren Salegiren azken urteetako nahiak: azken urteak Donostian pasatzea, eta bere idatziak hor uztea, egunen batean tribuko gazteek erabili zitzaten. Lehenengoa ezin izan zuen bete, baina bigarrena, ikusteke dago.