Hirian hamasei zinema zeudenekoa
1970eko hamarkadan bost zinema areto itxi zituzten arren, 1970. urtean bertan, egoera oso ezberdina zen Donostian. Izan ere, areto askotako zinemak kontuan hartzen ez baditugu, urte horretan inoiz baino zinema areto gehiago zegoen hirian.
Exean ikus-entzunezkoak kontsumitzea gero eta errazagoa bilakatu da urteen poderioz, eta hori konfinamendu garai honetan eskertzekoa da. Baina, nola izango litzateke, demagun, duela 50 urte?
Garai hartan telebista, liburuak eta jolasak ziren asperdurari aurre egiteko aukera nagusiak. Nahiz eta Francisco Franco oraindik bizirik zegoen, ez zen gaur egun bizi duguna bezalako konfinamendu egoerarik bizi izan, eta zinemak jendez gainezka egoten ziren.
Aukera ezberdinak bazituzten, gainera. 1970. urtean, inoiz baino zinema gehiago zeuden hirian: orotara, hamasei aurkitu zitezkeen Donostian zehar.
Urte horien inguruan hiru areto berri ireki zituzten hirian: Getaria kaleko Amaya, Dotoretasun justuaren aretoa leloarekin iragartzen zutena; Egiako Dunixi areto handia, 900 besaulki zituena; eta Kursaalaren azpiko Gaxen aretoa. Azken horretan arte eta film saiakera motako zinema proiektatzen zuten, eta autore filmak eta klasikoak azpititulatutako bertsio originalean eskaintzen zituzten.
Antzoki Zaharra, Amaya, Astoria, Arte Ederrak, Dunixi, Gaxen, Kursaal, Pequeño Casino, Miramar, Novedades, Novelty, Principe, Rex-Avenida, Savoy, Trueba eta Viktoria Eugenia. Horiek ziren zinemaz gozatzeko hamasei lekuak.
Urte horretan, 1970ean, estreinaldi ugari ikusi ahal izan zituzten donostiarrek. Horietako batzuk frankismoaren zentsura pairatu zuten: Sam Peckimpahren The Wild Bunch, MacKenna’s Gold westerna, eta Jack Lemmon eta Catherine Deneuve izar zituen The April Fools, besteak beste.
Tamalez, 70eko hamarkadan zehar, gainbehera iritsi zen hiriko pantaila handietara. Hain zuzen, areto horietatik bost itxi edo bota egin zituzten.
Gaur egun, kontsumo mota aldatu egin da erabat, eta zinema modu eta leku askotan ikusi daiteke. Hirian zinema areto gisa funtzionatzen dutenak hiru dira orain, eta SADE enpresarenak dira denak. Hala ere, horietatik harago badago eskaintza eta aukera zabala, baita pantaila handiaren zirkuitu nagusitik at ere.