Cristina Iglesiasen eskultura irlan ez egiteko eskatu du berriz Parkea Bizirik elkarteak
Donostiako Parkea Bizirik elkarteak Santa Klara irlako itsasargian egiten ari diren Cristina Iglesiasen interbentzio artistikoa irlan ez egiteko eskatu du, berriz ere. Era berean, eraikinaren inguruko proiektu adostu bat garatzeko ere eskatu du. Izan ere, Gipuzkoako itsasargi kopurua zazpitik seira pasako dela salatu dute, baita aipatu interbentzio artistikoan udalak egindako aurrekontu aldaketak ere.
Hain zuzen, aurrekontua hasiera batean 1.700.000 eurokoa zen bitartean, gaur egungo 4.200.000 eurokoa izatera arte handituz joan dela salatu dute. Ildo horretatik, Txomiñeneko urbanizazio lanetako diruaren inguruan sortutako zalaparta gogoratu dute, non auzo elkarteak lan horietarako ziren 1,6 milioi Santa Klarako lanetara desbideratzea leporatu zion udalari. Desbideratzerik egon ez zela adierazi zuen udalak orduan, aurrekontuetan egondako bikoizketa bat izan zela, akats bat, alegia.
Bestalde, udalak herritarren postontzietan utzitako Zuk egiten duzu Donostia. Zure ekarpena, guztion onura liburuxkaren inguruan ere hitz egin dute elkartekoek. Besteak beste, itsasargiaren hustuketa lanetan barruko “galdatutako burdinazko eskailera kiribil forjatu handi bat, espiritu modernistakoa, metalgintzak Euskal Herrian duen garrantzia islatzen duena” kendu behar dutela azpimarratu dute, eta horrekin zer egin duten galdetu diote udalari, ondare hori “Donostiako herriari berehala itzultzeko” eskatuz. Horretaz gain, salatu dute liburuxka horretan jartzen duela 200.000 euroko ekarpena egin diotela eskulturaren proiektuari: “Zuk zeuk alderatu agintariek beren bulegoetan erabiltzen dituzten datu ekonomikoak zure etxeko postontzira helarazten dizkizutenekin. Bien artean alde ikaragarria dagoela ikusiko duzu”.
Izan ere, Parkea Bizirik elkarteak kontsultatu dituen datuen arabera, 200.000 euro bideratu dituzte proiektuaren lagapenean eta koordinazioan, 518.000 euro eraikina eraistean eta hustean, 91.000 euro ahokularitzan eta komunikazioan, 1.400.000 euro eskultura bera egitean eta 1.589.000 euro birgaitzean eta kanpoko urbanizazioan. Hau da, guztira 3.798.000 euro bideratu dituzte irlara, baina aurtengo martxoko emendakinean aurrekontua 4.200.000 eurora igo zuten.
Era berean, martxoaren 30era arte lanek bere horretan jarraitu izana salatu dute, irla babestuta dagoela gogoratu, eta “aldatu ezin den eta aldatu behar ez den berdegune bat” dela aldarrikatzearekin batera. Horregatik, irla leku masifikatu batean ez bihurtzeko, eskultura beste leku batera eramateko eskatu dute, eta proposamen bat ere egin dute: “Itsasargiaren eraikinari dagokionez, proiektu adostu bat proposatzen dugu, itsasargiaren beraren jarduerarekin, haren historiarekin eta ingurune naturalarekin lotuta, Urgull mendiko museoa, Damen Bateriako liburutegia, Kontxa eta Naturtxokoaren udako egutegi berberarekin. Eta uhartearentzat, Igeldoko itsaslabarrak eta marearteko zabalgunea, Biotopo Babestua, bere kontserbazio planarekin”.