Zaintza sarea sortu dute Aieten
Gainerako auzoetako eredua jarraituta, Aietek ere badu zaintza sarea asteazkenetik. Bost pertsonen artean hasierako bultzada eman ondoren, dagoeneko hamaika auzotar ari dira honen antolakuntzan, 20 eta 40 urte bitartekoak. Horietatik zazpi erosketak egiteko prest daude; beste lauek sarearen kudeaketarako beharrezkoak diren hainbat gauzetan laguntzen dute.
Saretik adierazi dutenez, ez dituzte erosketa handiak egiten, baina egoera zaurgarrian dauden pertsonei egunerokotasunean sortzen diren beharretan laguntzea da helburua. “Auzoko saltoki batzuei ideia azaldu genien, beraiek egitasmo honen inguruko informazioa izateko eta honetan nor ari ginen jakiteko. Azken batean, hau zabaltzen lagundu eta kasuren bat ere detektatu dezakete”, azaldu dute saretik. Zenbait kasuetan, saltokiek ere etxerako zerbitzua eskaini dute. “Beraiek kasu horri erantzunik eman ezin badiote, guk ere lagun diezaiekegula jakitea garrantzitsua da”, diote saretik. Horrez gain, udalarekin ere atzo hitz egin zuten, martxan zeudela jakinarazteko. Auzoko zenbait ikastetxek ere zaintza sarea ezagutarazten laguntzeko idatzi dietela adierazi dute, hala nola, Axular eta San Patricio.
Aieteko zaintza sareak oraindik deirik jaso ez badu ere, Amara Berriko eta Antiguako zaintza sareetatik auzoen arteko mugetan bizi diren zenbait bizilagunen beharrei erantzun diete. “Amara Berrikoek, esaterako, Errondoko Aldapa egiten dute, erdibidean dagoen zonalde bat izan baita beti”, diote saretik. Antiguakoekin oraindik ez dute hitz egin, baina horretan ari direla adierazi dute.