Abian dira Zineako kritikari berriak bilatzeko lehiaketa eta euskarazko film laburren gidoiak bilatzekoa
Zineak bi lehiaketa jarri ditu martxan. Alde batetik, VI. Kritika Lehiaketa egingo du, urtero kritikari berriak bilatzea helburu duena. Bestetik, lehenengo aldiz, Film Laburren Gidoi Lehiaketa ere bultzatu du aurten. Azken honetan, berezitasun bat azpimarratzen dute: gidoi onenaren saria irabazten duen egileari, ordainsaria emateaz gain, filma egin ahal izateko beharrezkoak diren “finantzaketa zein baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak bilatzeko ere” konpromisoa hartzen dutela.
Film Laburren Gidoien lehiaketaren atzean, indarrezko arrazoi bat dago: “Badakigu hamaika direla film bukatuak saritzen dituzten jaialdiak. Gutxi dira, ordea, egilea bere lehen urratsetan laguntzen duten deialdiak”. Film laburrei egoera hobetzeko zerbait egiteaz gain, aukera bat edo ikusgaitasuna bilatzen ari diren gazteei aukera hori ematea da lehiaketaren helburua. “Parte-hartzaileak 18 eta 30 urte bitartekoak izan behar dira, eta euskara izango dute lanerako hizkuntza”, jasotzen dute oinarriek. Lanak aurkezteko epea maiatzaren 15a da eta irabazlea ekainaren 12an iragarriko da Zinea atarian. Lehiaketaren inguruko oinarriak esteka honetan irakurri daitezke.
Kritika Lehiaketari dagokionez, Zinea atarian asteazkenero eta diru-truke zinema-aretoetan ikusgai dagoen film baten kritika idatziko duen pertsonaren bila ari dira. Horretarako, euskal film baten —aukeran, 2019tik aurrera estreinatutakoa— 300-400 hitz bitarteko eta zinema kritika formatua errespetatzen duen zinema kritika bidali behar da info@zinea.eus helbidera, izen-abizenekin, adinarekin, posta helbidearekin eta telefonoarekin batera. Maiatzaren 31a izango da lanak jasotzeko azken eguna eta zineman jarduten den edo zinemazalea den edonork hartu dezake parte. Kritika guztiak Zinea atarian argitaratuko dira, “epaimahaikideek lanok baloratzeaz gainera, atariko irakurleek ere hauek irakurri eta bere balorazio propioak egin ditzaten”. Lehiaketaren gainontzeko oinarriak esteka honetan daude ikusgai.