Ertzaintzak eta udaltzaingoak koronabirusagatik hildako bosgarren guardia zibila omendu dute
Guardia Zibilaren Intxaurrondoko egoitzan izan zen omenaldia, larunbatean. Ertzaintzaren eta udaltzaingoaren zortzi ibilgailu sarrera nagusian gelditu ziren, eta haietatik hemezortzi agente jaitsi ziren, guardia zibilen aurrean geratuz. Diario Vasco egunkariaren arabera, haien “errespetua” adierazi zieten, eta txalo egin zuten koronabirusagatik hildako azken guardia zibilaren omenez. Matias Fernandez Zurdo Covid-19agatik hildako bosgarren Guardia Zibila izan da. Egunkariaren esanetan, “inguruko balkoi batzuetatik txalo egin zioten omenaldian”.
Intxaurrondon egindako ekimen hau “espontaneoa” izan dela aditzera eman dute medio honetan. Antzeko omenaldiak ere egin dituzte, Gasteizko Sansomendi kuartelean eta Bilboko La Salven. Jose Luis Gonzalez Urteagak, Gipuzkoako Guardia Zibilaren komandanteak, aipatu du ekitaldiak polizia ezberdinen arteko “harreman ona” islatzen duela, eta Ertzaintzako agintaritzari eskertu egin diola edukitako jarrera. Covite elkarteko presidenteak ekitaldia txalotu zuen bere Twitter kontutik.
Bestalde, Donostiako EH Bilduk kritikatu egin du omenaldia, haien sare sozialen bitartez, eta azalpenak ofizialki eskatu dituztela aditzera eman dute.
Nork erabaki du Donostiako Udaltzaingoak horrelako ekimen batean parte hartu behar duela? Udal Gobernuaren erabakia izan al da @EnekoGoia ? @DonostiaPNV.ren erabaki politikoa da? Agenteek euren kabuz? Azalpenak eskatuko ditugu ofizialki. pic.twitter.com/o186y4qHwK
— EHBildu Donostia (@HiriBizia) April 5, 2020