«Auzoan denetarik aurki dezakezu»
2018an Gipuzkoako hanburgesa onenaren lehenengo saria irabazi zuen Mikel harategiak. Antiguan oso ezaguna da, eta alarma egoeraz geroztik, lan eta lan ari dira Mikel Arrillaga eta bere lankideak. Goizero ilara ikus daiteke kanpoan, eta telefonoa ere etengabe joka dute, asko baitira euren produktuak etxera eramatea nahi duten herritarrak.
Nola ari zarete bizitzen egoera hau Mikel harategian?
Ondo, egia esan. Lan asko egiten ari gara, eta alde horretatik oso gustura, ondo etorri zaigulako.
Kontuan hartu kanpoan ikasten ari ziren ikasle guztiak edo gehienak etxean daudela orain. Beraz, familia kide guztiak etxean daude, eta kontsumo handiagoa dago. Hortaz, gehiago jaten da.
Zein bezero mota joaten da harategira? Jende helduak jarraitzen du etortzen?
Denetarik etortzen da. Jende heldua oraindik ere etortzen da, nahiz eta esaten ari diren etxean geratu beharko luketela.
Alde horretatik, guk betidanik eman izan dugu erraztasuna janaria etxera eramateko, eta orain are gehiago.
Nola egiten dituzue bidalketa hauek?
Mezu bidez egiten dugu, baita telefono bidez ere. Harategira deitu daiteke, enkargua egin, eta guk ordutegi bat zehazten dugu.
Egoera berri honekin, moldatzen ari zarete bidalketak egiteko?
Egia da eskari asko dagoela orain, baina hori beti eskertzen da. Gainera, harritu egin gaitu auzoko jende askok egoera honengatik ezagutu gaituela. Lehen, batzuek erosketa guztiak aldi batean egiten zituzten, supermerkatu handietan, eta orain auzoan geratu behar dira. Jende berri dezente ikusi dugu harategian.
Eta zer moduz zabiltzate hornikuntza aldetik?
Ondo. Inguruko haragiarekin lan egiten dugu, eta, beraz, guretzako ez da ezer aldatu. Gure inguruko baserritarrek nahikoa haragi daukate.
Beste saltokiekin harremanik izan duzue?
Asko ez. Gehienbat harategiekin hitz egin dugu, eta gure moduan dabiltza. Lan gehiago dute, eta gustura ari dira.
Elikagai saltoki handietan denda txikietan baino jende eta ilara gehiago ikusten ari gara egunotan.
Nik uste dut han denetarik erosi dezaketelako joaten direla, dena leku bakar batean dagoelako, alegia. Hemen, Antiguan, denda ugari dauzkagu, jenero oso onekoak, gainera: fruta dendak, okindegiak, harategiak, arrandegiak… Auzoan bi pausotara denetarik aurki dezakezu, eta supermerkatu handiekin alderatuta, erraztasun berdinak edo handiagoak ematen ditugu.
Zer esango zenioke saltoki handietan erosten duen norbaiti?
Kasu desberdinak egongo dira, baina erosketa guztiak aldi batean egiten dituzten pertsona asko ez dira haiengan pentsatzen ari: zer jaten duten, nondik datorren, eta abar.
Pentsatzen dut konfinamendu eta krisi garai honekin gehiago pentsatuko dutela, denbora gehiago edukiko dutelako ondo begiratzeko.