Groseko zaintza sareak "auzoaren komunitate nortasuna" indartzea espero du
Dagoeneko 140 boluntario lortu ditu sareak. Oraingoz, 37 pertsonari laguntza ematen diete, eta saltoki txikiekin elkarlanean ari dira.
Egun batzuk barru hilabete beteko da konfinamendu egoera hasi zenetik. Horrekin batera zaintza sareak antolatzen hasi ziren auzo eta herri ezberdinetan, egoera zaurgarrian egoteagatik etxetik atera ezin daitekeen jendeari laguntza eskaintzeko asmoz.
Groseko zaintza sarea auzoko eragile eta bizilagun ezberdinek osatu zuten, Gobernuak “egoera honi aurre egiteko kontuan hartu ez dituen beharrak” betetzeko asmoz, eta batez ere arrisku egoeran dauden pertsonak babesteko.
Sareak indar handia izan du alarma egoeraren hasieratik, eta orain arte egindako balorazioa positiboa da. Auzoko jendearengana iristeko, sarea sortu zutenetik, funtzionamenduaren eta kontaktuen inguruko informazioa ahalik eta gehien zabaltzen saiatu dira: “Horretarako, sare sozialez gain, auzoko leku ezberdinetara iristen saiatu gara, saltokietan informazioa banatuz. Gainera, audio bat grabatu genuen, eta hori egunero egiten den txalo zaparradaren ostean jartzen saiatzen gara”.
Ikusgarritasun hori lortu dutela aipatu dute, eta boluntario kopuruan nabaritzen dela esan daiteke: Gros eta Ulia inguruko 140 auzotar kontaktuan jarri dira sarearekin. Oraingoz, 37 pertsonari laguntza ematen ari dira. Gehienbat, eguneroko erosketak egiteko, edota farmaziara joateko izaten dira laguntzak, baina baita beste behar batzuei erantzuteko ere: zaborra jaisteko, edota aholku fisioterapeutikoak emateko, besteak beste.
Askotariko boluntarioak bildu dira zaintza sarean, jatorri ezberdinekoak, gainera: gehienbat gazteak dira, baina badaude baita ere etxetik lagundu nahi duten pentsiodunak. Bestalde, emakumezkoak dira gehiengoak hemen ere, eta ez dute uste kasualitatea denik: “Gure egunerokotasunean zaintzarekin lotuta egiten diren lanek emakume aurpegia izaten dute, eta hori alarma egoera honetan ere ikusten da”.
“Laguntza eskatu dutenen artean emakumezkoak dira gehienak, kasu batzuetan bakarrik bizi diren emakumeak, eta beste batzuetan senar-emazteak. Gehienetan beraiek izan dira deitu dutenak, baina batzuetan kezkatuta dauden eta kanpoan bizi diren seme-alabek
deitzen digute. Izugarri lasaitzen dira boluntario sare bat dagoela jakiten dutenean. Bestalde, kasu batzuetan bizilagunak edo lagunak izan dira beste pertsona batengatik kezkaturik laguntza eskatzeko deitu dutenak”. Laguntza ez ezik, bizilagun eta saltokiek haien esker ona adierazi dietela esan dute.
Antolakuntza aldetik, bilerak Internet bidez egin behar izaten dituzte, astean bi edo hiru aldiz. Bilera telematiko hauetara ohitzea zaila egin zaiela aipatu dute.
Hobetzeko aukera dagoela uste dute, eta oraindik pertsona gehiagok deitzea espero dute. Aitortu dutenez, mesfidantza egon daiteke, boluntarioek formakuntza jaso ez izanagatik. Alde horretatik, argi utzi nahi izan dute nahiz eta boluntarioen perfila askotarikoa izan, arlo ezberdinetako adituak ere badirela, zerbitzu guztiak modu egokian egiteko aholkuak ematen dituztenak. Orain arte lortutakoarekin pozik daude: “Mendekotasuna duten pertsonen deiak jasotzeagatik bakarrik, egindako esfortzu guztiak merezi izan duela uste dugu”.
Erakunde publikoen aitorpen faltagatik kezkatuta daude. Udala hein batean sareaz “baliatu” dela sentitzen dute, hiritarren lorpenak udalarenak balira bezala erakusten ari direlakoan. Erakundeekin batera elkarlanean aritzeko beharra aldarrikatu dute, zenbait arazori aurre egiteko: “Uste dugu boluntario sareen eta udalaren artean elkarlan estuago bat emango balitz, zenbait lan askoz ere azkarrago eta modu eraginkorragoan egin ahalko liratekeela. Esate baterako, badakigu udala deiak egiten ari dela adin batetik gorako pertsonei, zerbait behar ote duten galdetzeko, eta pertsona hauetako asko gure telefonora bideratzen dituzte; kontua da, dei hauek kasu askotan oso berandu iristen direla, alarma egoera hasi zenetik 3 aste pasatakoan, adibidez. Udalak boluntarioren laguntza onartu izan balu, halako kudeaketak asko azkartuko lirateke”.
Horrez gain, aste hauetan lortutakoak etorkizunean “auzoaren komunitate nortasuna” indartzeko balio izatea espero dute. Pertsona batzuek laguntza horren beharra izaten jarraituko dutela kontuan hartzea garrantzitsutzat jo dute, baita erosketak saltoki txikietan egiten jarraitzea ere: “Esperientzia honek kontzienteago egin gaitu, gure bizilagun askoren egunerokotasuna oso zaila izan daitekeelako. Horregatik, pentsatzen dugu aukera bat izan daitekeela, solidario izaten jarraitzeko, eta etorkizunean elkar zaintzen jarraitzeko”.
Saltoki txikiak aldarrikatu dituzte
Bizilagunei laguntza eskaintzeaz gain, saltoki txikiak babestearen garrantzia azpimarratu nahi dute Groseko zaintza saretik. “Ekonomikoki berez sektore zaurgarriena da auzoko saltoki txikiena, eta egoera honen aurrean bereziki kaltetuak izaten ari dira.
Denda handien itzalpean uzten ditu egoerak. Saltoki handi hauek auzokoek baino baliabide gehiago dituzte, galera ekonomikoei eta langileei dagokienei aurre egiteko”.
Auzoko saltoki txiki guztiekin kontaktatu dute, iniziatiba honen partaide egiteko. Jasotako erantzuna oso positiboa izan dela aipatu dute, eta laguntzeko prestutasuna azaldu dute. Boluntarioek erosketak saltoki hauetan egiten dituzte, elkarri laguntzea lortuz.