Hamazazpi zinema izan ziren
Aurreko astean, 1970. urtean Donostian inoiz baino zinema areto gehiago egon zirela ikusi genuen atal honetan: hamasei. Irakurle batek, ordea, zuzenketa bat egin digu: pasa egin zitzaigun zinema areto bat, Loiolako Elizondo zinema.
Aurreko astean zinema izan zen atzera begiratzeko aitzakia. Zinemak, hobe esanda. 1970. urtean Donostian hamasei zinema areto zeudela aipatzen zen, baina ez da horrela. Irutxuloko Hitzaren irakurleetako batek ohartarazi digunez, Loiolako parrokia inguruan, beste bat behintzat bazegoen.
1950eko hamarkadan, Loiolako parrokiako Elizpe etxabean, zinema proiekzioak egiten zituzten haur eta helduentzako.
Behin batean Loiolan liburuan, auzoaren historia eta istorio ugari irakur daitezke. Han kontatzen da, adibidez, proiekzio horiek ikusteko umeek pezeta bakarra ordaindu behar zutela, eta helduek, aldiz, bost pezeta.
Aretoa gainezka egoten zela aipatzen dute, gehienetan 150 eta 200 pertsona inguru elkartzen baiziren. Batzuetan, Urumeako marea oso altua zenean, aretoaren atzealdea urez betetzen omen zen.
Hala ere, areto famatu hau beste batengatik ordezkatua izan zen urte batzuk geroago: Elizondo zinema, gaur egun Super Loiola supermerkatua dagoen toki berean.
Areto berri honek nahikoa arrakasta izan zuen garai hartan. Lehenengo proiekzioa Ada filma izan zen, gaztelaniaz El tercer hombre era mujer izenburuarekin itzuli zutena. Daniel Mannek zuzendutako melodramak Susan Hayward eta Dean Martin aktoreak zituen izar gisa.
Ez da elizaren jabetzako eraikin honek eduki duen erabilera bakarra, ordea. Dantzaleku bat ere izan zen: Diskoteka Gurea, hain zuzen ere.
Orain badakigu, gutxienez, 17 zinema areto izan zirela garai horretan Donostian. Hedabide honek eskerrak eman nahiko lizkioke irakurle horri, eta, aldi berean, edozeinek halako beste oharren bat izanez gero, beldurrik gabe idaztera animatzen dugu. Hala, guk ere gehiago ikasiko baitugu.