Konfinamenduaren aurrean, gertuko erosketak
COVID-19 birusak eragindako alarma egoerak gizartearen erosketa ohiturak agerian utzi zituen krisiaren lehenengo egunetan: supermerkatu handietan ilara luzeak izan ziren, eta hainbat produktu bukatu egin ziren. Ia lau aste daramatza indarrean konfinamenduak, eta kate handietako dendetan oraindik ilarak badaude ere, batzuek auzoko saltoki txikietan erosteko erabakia hartu dute. Era berean, merkatariak hainbat formula bilatzen ari dira produktuak etxez etxe banatu ahal izateko. Ikusteke dago, ordea, egoera hau amaitzean ohitura zaharretara itzuliko garen edo ez.
Donostiako merkataritza txikiaren egoera ez da erraza izaten ari azken urteetan, hamar urteko epean hiriko denden %21,7 galdu egin baita. Koronabirusaren krisia, beraz, merkatari txikientzat aurretik ere zaila zen une batean heldu da. Krisi honek agerian utzi ditu gizartearen erosketa ohitura nagusiak zeintzuk diren, konfinamendua hasi aurreko egunetan supermerkatuak jendez lepo egon baitziren, eta erosketa izugarri handiak egin zituzten herritar askok, etxe azpiko dendan benetan behar zutena erosi ordez. Lucia Peña Saretuz elkarteko kidearen arabera, sistema “oso ahula” dela erakutsi du koronabirusak: “Birusak ekoizpen eta banaketa bide asko itxi egin ditu, eta produkzioa deslokalizatuta dagoenez, produktu batzuk ez dira iristen”.
Era berean, krisiaren hasieran jendea “erotu” egin zela deritzo Peñak, eta hainbat gauza agerian gelditu zirela nabarmendu du: “Oso erosketa handiak egitea ez da arduratsua, ez dugulako pentsatzen guk erosi dugun guztia benetan behar dugun, eta gure atzetik datorrenak, agian, beharko dituela produktu horiek. Horretaz gain, agerian gelditu da, baita ere, haragi pilo bat jaten dugula, eta jende asko pilatzen den lekuetan erosten dugula”.
Horregatik, saltoki txikien egoera are gehiago okertu daiteke, eta, horren aurrean, merkatariek “segurtasun eza” sentitzen dutela adierazi du Lourdes Lazaro Ba Gera merkataritza elkarteko kideak. Bi agertoki daudela azaldu du Lazarok: “Alde batetik, ireki ezin duten saltokiak daude: salgaiak dendan dituztenak edo bidean dituztenak eta ordainketa handi batzuei aurre egin behar dietenak, alegia. Zaila da horien egoera. Bestetik, irekita dauden saltokiak daude, euren zerbitzuak osasun eta segurtasun baldintza onenetan eskaini behar dituztenak, eta horiek ere kezkatuta daude”.
Formula berrien bila
Irekita jarraitzen duten saltoki txikiek, ordea, euren lekua egin nahi izan dute koronabirusaren krisian, eta prebentzio neurri guztiak betez, erosketa txikiak sustatzeko bidea egiten ari dira.
Hain zuzen, Peñak azaldu duenez, saltoki txiki askok telefono zenbaki bat ahalbidetu dute, bezeroek hara deituz edo Whatsapp bidez idatziz, erosi nahi dutena eskatzeko: “Agian batzuek ezin dute etxez etxe banatu, baina dendan bertan uzten dizute zure erosketa, eta jasotzera baino ez duzu joan behar. Horrela, jendea denbora gutxiago dago kalean”. Azoketan ere antzeko egitasmoak abiarazten hasi dira, hala nola, San Martin merkatuan. Jabi Loiartek Lizardi barazki ekologikoen postua dauka han, eta, azaldu duenez, lehendik ere bazuen etxez etxeko banaketa zerbitzua, baina berak egiten zuen, eta ezin zituen banaketa asko egin: “San Martin merkatuak etxez etxeko banaketa zerbitzua jarri duenez, nire bezero asko zerbitzu horretara bideratu ditut”.
Gipuzkoako baserritarrek antzeko egitasmo bat abian jarri badute ere, Rosi Ormazabal Bretxako baserritarrak adierazi du merkatuan postua dutenak momentuz ez direla horretan parte hartzen ari: “Normalean pertsona bakarra egoten gara postuan, beraz, banaketa egitea zaila da guretzat. Momentuz ez dugu planteatu halakorik egitea, baina egoera hau asko luzatzen bada, agian zerbait egin beharko dugu”.
Bretxako beheko solairuko saltokietan, ordea, etxez etxeko banaketa egiten ari dira. Salvador Agirrek, bere izena daraman harategiko jabeak, adierazi du lehen ere egiten zutela, baina azkenaldian “askoz eskaera gehiago” dituztela: “Banaketa gehienak Parte Zaharrean bertan izaten dira, baina aspaldiko ezagun batzuek beste auzoetatik ere deitzen digute”.
Ohitura aldaketak
Koronabirusaren krisi honetan saltoki txikiak jokatzen ari diren rola “oso garrantzitsua” dela deritzo Peñak: “Supermerkatuetan egon daitekeen pertsona kopurua mugatu dute, eta jendea komertzio txikiagoetan erosten hasi da. Izan ere, saltoki horietan ere errespetatzen dira prebentzio neurriak, baina ez da horrenbeste jende egoten”.
Ormazabal harago doa, eta adierazi du errazagoa dela supermerkatuetan kutsatzea saltoki txikietan baino: “Nahiz eta saltoki handietan sartu daitekeen pertsona kopurua mugatu duten, gero pasilloetan jendearekin egiten duzu topo. Denda txikietan, ordea, pertsona bakarra sartzen da, eta dendariarekin baino ez dauka harremana”.
Era berean, saltoki txiki askok euren salmentak hobetu egin dituztela azaldu du Lazarok: “Etxetik ahalik eta gutxien urruntzen saiatzen ari garenez, auzoko salerosketa itzultzen ari da”. Ildo horretatik, Ormazabalek bezero mota aldatu egin dela ikusi du: “Jende heldua ezin denez etorri, gazteagoak etortzen dira euren partez: seme-alabak, bilobak, zaintzaileak…”.
Agirrek ere azaldu du bere harategira lehen baino jende gazte gehiago joaten ari dela azkenaldian: “Asko ez badira ere, etortzen dira lehen gure ondoan dagoen supermerkatura joaten ziren pertsona batzuk. Hala ere, gure auzoan ez da hainbeste aldatu hori”.
Azkenaldian Loiarte lehen baino “hobetoxeago” saltzen ari da, baina bere bezeroen profila ez da horrenbeste aldatu: “Ohiko postuetan, agian, jende heldua sartzen da gehienbat, baina nik produktu ekologikoak ditudanez, beste jende mota bat sartzen da, Internet bidez erosketak egitera ohituagoa dagoena, kasu askotan. Horregatik, San Martin merkatuko sistema berriarekin eskaera dezente izaten ari naiz”. Bestalde, dirua eskutik eskura ez pasatzeko, gero eta jende gehiagok txartelarekin ordaintzen duela nabarmendu du Loiartek: “Hemeretzi urte postuan eman ondoren, datafonoa jarri behar izan dut, egoera hau hasi zenean beharrezkoa ikusi bainuen”.
Hausnarketarako bidea
Supermerkatuetako jende pilaketen aurrean, saltoki txikiak euren lekua egiten ari dira, tokiko produktuak erostea garrantzitsua dela, eta etxe ondoko dendetan produktu osasuntsuak eta kalitatezkoak erosi daitezkeela erakutsiz. Hala ere, erakundeek merkataritza txikiaren aldeko apustua egin beharko luketela uste du Lazarok: “Behar-beharrezkoak ez diren produktuen dendak ixten ari dira, baina, aldi berean, Amazon eta horrelako plataformak edozein produktu saltzen ari dira. Kutsatzeak saihesteko konfinamendua sustatzen ari bagara, plataforma horientzako ere neurriak hartu beharko lirateke. Batez ere, tokiko ekonomiaren errekuperazioan pentsatuz”.
Agirrek salatu du inguruko auzoetako bere bezero batzuei Poliziak “trabak” jarri dizkiela Bretxara joateko, merkatua euren etxeetatik urrutiegi dagoela argudiatuz. Ormazabalek ere ildo beretik jo du, eta polizia gehiegizko kontrolak egiten ari dela deritzo: “Bezero batzuei esan diete ezin direla Narrika kaletik Bretxara etorri, badaukatelako etxetik hurbilago erosterik”. Horregatik, erakundeak kontraesanetan erortzen ari direla azpimarratu du: “Jendeari uzten diote autoa hartu eta Garberara joaten, baina ez Bretxara etortzen”.
Dena den, era batera edo bestera, denek sumatu dute azkenaldian auzoko saltokietan erosteko joera areagotu egin dela, eta bezeroen profila pixka bat aldatu dela. Horregatik, auzoan erosteko ohitura hori konfinamenduaren ondoren ere mantentzea gustatu litzaioke Lazarori, horrela tokiko ekonomia bultzatzeko: “Kontsumo gehiena eta erosketa guztiak tokiko enpresetara bideratu beharko genituzke, gure ekonomia indartzeko”. Ildo beretik jo du Peñak, eta saltoki txikietan erosteraren aldeko Zuk Erabaki kanpaina indartu dutela nabarmendu du: “Jendeak jakin behar du orain inoiz baino garrantzitsuagoa dela denda txikietan tokiko produktu ekologikoak erostea”.
Bestalde, Agirrek hausnarketa bat irekiko dela pentsatzen du, baina ez da oso baikorra ohitura aldaketei dagokienez: “Betiko denden inguruko hausnarketa bat hasiko da, baina uste dut askatasuna itzultzean jendea lehengo ohituretara itzultzeko irrikaz egongo dela. Hala ere, jakin behar dugu denda txikiak beharrezkoak direla, bai edozer gauza erosteko, baita auzoari bizitza emateko ere”.