"Merkeena bilatzen dugu, eta horrek pobretu egiten gaitu"
Informatikaria da, eta urteak daramatza Amara Berriko Abar informatika dendan lanean. 3D inprimagailu bidez pantailak egiten hasi da, dendariak babesteko, eta Ba Gera elkartearen bidez banatzen ditu. Etorkizunak ekarri dezakeenak, eta behar-beharrezkoak ez diren produktuen online salmentak kezkatzen du, besteak beste.
Zer moduz bizitzen ari zarete egoera hau?
Larrituta gaude, batez ere etorkizunean gertukoei ekarri diezaiekenagatik. Hala ere, guretzako, enpresa moduan, salmenta handiko garaia izaten ari da. Sektore estrategikoa gara, eta lan asko egiten ari gara, modu oso bizian.
Zein bezero mota joaten da dendara, eta zer eskatzen dizuete?
Gure ohiko bezeroak etortzen ari dira, baina baita normalean etortzen ez den jendea ere.
Ikasteko eta lan egiteko tresnak eskatzen dizkigute, batez ere: inprimagailuak, tinta, wifi errepikagailuak, kableak, mugikorren kargagailuak, eta abar.
Bidalketak egiten ari zarete?
Soilik mugaketa fisikoak dituztenei eta arrisku handiko jendeari egiten dizkiegu, ezin dutelako etxetik atera. Enpresetara ere bidalketak egiten ari gara, lanean jarraitu ahal izan dezaten.
Nola zabiltzate hornikuntza aldetik?
Oraingoz bai, bizi dugun egoerarako ondo hornituta gaude, baina produktu batzuekin arazoak izaten hasi gara. Inprimagailu merkerik ia ez da geratzen estatuan, adibidez.
Elkartasun handiagoa nabaritzen ari zarete zuen artean?
Baietz esango nuke. Denok gaude laguntzeko prest. Gu 3D inprimagailuekin pantailak inprimatzen ari gara, saltoki txikietako dendariak eta osasun langileak babesteko. 250 pantaila inguru banatu ditugu dagoeneko.
Zein segurtasun neurri hartzen ari zarete?
Bezeroek ezin dute produktua dagoen tokiraino gerturatu. Eskatzen dizkiguten gauzak erakutsi egiten dizkiegu. Guk eskularru eta maskararekin lan egiten dugu, eta segurtasun distantzia mantentzen dugu uneoro.
Zuena bezalako denda txiki batzuen salmentak hazi egin dira, baina jende askok saltoki handietara jotzen jarraitzen du
Nire ustez, ohitura kontua da. Gehiago larritzen nau Internet bidezko salmentak, esaterako. Banatzaile batek lehengoan kontatu zigun hamar arropa pakete eraman zituela etxebizitza batera, jakinda pertsona horrek zortzi bueltatuko zizkiola hurrengo egunean.
Horrek arrisku handia ekartzen du, eta ez da bidezkoa gainontzeko arropa denda fisikoak itxita egonda, hauek bere horretan jarraitzea.
Zer esango zenioke saltoki handietan erosten duen norbaiti?
Pentsatu behar dute zeinek sortzen duen aberastasun handiagoa gure lurralderako, enpresa handi askok ez baitituzte zergak hemen ordaintzen.
Bestalde, harrigarria iruditzen zait Hernanin maskarak egiten ari direla albistea izatea. Normalena izan beharko litzateke, eta ez maskara guztiak Txinan egindakoak izatea. Hemengoa lehenetsi beharrean, merkeena bilatzen da, pobretzen gaituzten bitartean. Uste dut krisialdi honek nolabait hori aldatu egingo duela; hala espero dut.