Zure proposamenak entzun nahi ditugu

Alerta egoerak guztion egunerokoa aldatu du, eta konfinamendura egokitu behar izan dugu guztiok. Kazetariok lanean jarraitu dugu, ezinbestekotzat jo delako gure lana, eta Irutxuloko Hitzako lan taldeko langileok etxetik ari gara, donostiarrei gertuko informazioa emateko eta koronabirusak eragindako alertaren berri emateko.
Hilabete daramagu konfinamenduan, eta askotariko gaiak jorratu ditugu: osasun arloko langileei ahotsa eman diegu, auzoetan sortu diren zaintza sareen jarraipena egin dugu, saltoki eta azoka txikiak egiten ari diren esfortzuaren berri eman dugu, osasun alertak ekarriko dituen ondorioak aztertu ditugu hainbat adituren eskutik, kulturgintzan ari direnen kezkak jaso ditugu, etxealdia arintzeko gomendioak bildu ditugu… Eta oraindik asko daukagu kontatzeko!
Horregatik, Irutxuloko Hitzak irakurleen proposamenak jaso nahi ditu. Zer gustatuko litzaizueke irakurtzea hurrengo astekarian? Nolako albisteak irakurri nahi dituzu Irutxulo.hitza.eus-en? Zer nolako elkarrizketa eta erreportajeak behar dituzue?
Zure laguntza ezinbestekoa dela uste dugu! Zure iradokizunak bidal ditzakezu donostia@hitza.eus helbidera, gure Twitter, Facebook eta Instagramera eta 647 35 56 65 telefonora. Eta ahal dugun heinean betetzen saiatuko gara.
Mila esker!