Udalak berriz ekin die gaur orain arte hasita zeuden obrei
Oinarrizkoak ez ziren lan guztiak gelditzeko dekretua martxan ipini zenean, Donostiako Udalaren eskumena diren eta hirian zeuden obra guztiak gelditu behar izan zituen udalak. Gaurtik aurrera, obra horietan berriz ere lanari ekin diotela adierazi du alkateak gaur goizean egindako agerraldian. Ondorioz, besteak beste, Kontxako baranda berritzeko obren lehenengo zatia, Antxo Jakitunaren berrurbanizatze prozesua eta Altzako kiroldegiko obrak martxan daude berriro.
Dena den, soilik lehenagotik abiatutako lanak dira berriz ere martxan jarri direnak. Esleitutako baina oraindik martxan jarri gabeko obrak ez dira hasiko oraindik, nahiz eta, egoerak ahalbidetzen duenean, martxan ipintzea aurreikusten dutela adierazi duten udaletik. Iztuetako biaduktoa da horren adibideetako bat. Era berean, lehiaketara ateratzea aurreikusten ziren zenbait obrek itxaron egin beharko dute momentuz, hala nola, Kontxako baranda berritzeko bigarren faseak, Anoetako miniestadioak edo Bera-Berako Hockey zelaiak. “Eskura ditugun errekurtso ekonomikoak zeintzuk diren dakigunean, ondo ikusi beharko dugu zer egin lan hauekin”, adierazi du alkateak.
Era berean, hiriaren oinarrizko mantenurako lanei ere berriz ekin diete gaur. Zehazki, urari eta argindarrari eta parke eta lorategien mantenuari, hiria garbi izateko helburuarekin. Lan hauetatik haratago, alkateak adierazi du udaletik eskaintzen diren zerbitzu guztietan telelana lehenesten dutela oraindik, normaltasunera itzultzeko aukera ez dagoen bitartean. Edozein kasutan, etendako edo bestelakotutako zerbitzua berreskuratzeko plangintza batean ari direla adierazi du. Esaterako, beharrezkoak diren eta derrigorrez aurrez aurre egin behar diren zuzemenetarako arreta nola berreskuratu , betiere, garbitasun eta segurtasun neurriak betez langileen eta erabiltzaileen ongizatea bermatzeko. Horretarako, aurreratu du pentsatzen ari direla izapide guztiak egoitza bakar batean bateratzea. Modu horretan, gainontzeko egoitzek itxita jarraituko lukete.