Abian da adineko pertsonek ariketa fisikoa egiteko telebista saioa
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Adinberri Fundazioaren bitartez, adineko pertsonek ariketa fisikoa egin dezaten telebista saioak ekoitzi ditu. Guztira, 25 saio eskainiko dira, atzotik hasita. 11:00etan izango dira, astelehenetik ostiralera, ETB1en.
Saio bakoitzak ordu erdi iraungo du eta bi zati izango ditu: lehenengoa, hogei minutuko ariketa fisikoa, Iñigo Vicens adituak gidatua; eta bigarrena, hamar minutuko mindfullness eta meditazioa, Zuriñe Hidalgoren eskutik. Gainera, gaian aditua den talde batek landuko du zati bakoitza. Zehazki, mindfullnes eta meditazio saioak Baraka Integral zentro donostiarrak prestatuko ditu. Telebista saioen helburua da adineko pertsonek osasun fisiko eta emozionala zaintzeko aukera izatea.