Autokontsumorako baratzeetan lan egiteko kanpaina bultzatu du Uliako Lore Baratzakek
Abian da autokontsumorako baratzeetan lan egin ahal izateko Uliako Lore Baratzak elkarteak prestatutako kanpaina. Sare sozialetatik zabaldutako manifestu baten bitartez, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote autokontsumorako baratzeei jarritako murrizketak aztertu, eta “sasoiko lanketa eta ereite lanak egin ahal izateko” aukera eskaintzea lehenbailehen, baita landare eta haziak erostekoa, eta horretarako mugitu ahal izatea.
Manifestuak jasotzen duenez, “konfinamendu egun hauetan, Euskal Herrian, zalantza sortu da autokontsumorako baratzeetara lanera joaterik ote dagoen ala ez erabakitzean”. Elkartetik baratze hauek herritar askorentzat duten garrantzia aldarrikatzen dute, batik bat egoera honetan, ez baitira entretenimendu soil bat. Udarako uzta prestatzeko funtsezko momentua da hau eta, orain lanik ez egiteak etorkizunera begira izan ditzakeen emaitzak oso kaltegarriak izan daitezke, batik bat familia askoren elikadura eta ekonomian ezinbestekoak baitira. Elikadura Burujabetzaren eta tokiko bioaniztasuna zaintzeko zutabeetako bat izateaz gain, pertsona ugarirentzat elikagai freskoak lortzeko bide zuzenena ere badira. Gainera, elkartetik adierazten dute supermerkatuetara joatea baino askoz seguruagoa dela baratzeetara joatea, jende asko toki bakar batean aldi berean batzeko aukerak murrizten direlako.
Aldarrikapenarekin bat egiteko, esteka honetan sartu behar da.