Etxerik gabeko pertsonentzat baliabideak hobetzeko sinadura gehiago behar ditu Harrera Sareak
Dagoeneko 500 pertsona eta erakunde atxikitu dira Hiritarren Harrera Sareak zabaldutako deialdi honetara, eta lortutakoarekin pozik badaude ere, sinadura gehiago lortzea espero dute, eskumena duten erakundeek errekurtsoak jar ditzaten.
Joan den ostegunean Hiritarren Harrera Sareak deialdi bat zabaldu zuen eskumena duten instituzioei eskatuz etxerik ez duten edo egoera zaurgarrian dauden pertsonei zuzendutako baliabideak alarma egoera pasa ondoren mantendu eta areagotzeko. “Pertsona hauentzat egokitu dituzten errekurtso hauek ez desagertzea eta gehiago jartzea eskatu nahi dugu, jendea ez dadin kalera itzuli”, azaldu du Garazi Montuschi Harrera Sareko kideak. Are gehiago, konfinamendua pasa ondoren etor daitekeen krisialdiagatik egoera gordinagoa izango dela aurreikusten dute, eta horri ere erantzun behar zaiola diote saretik, baliabide berriak programatuz. Besteak beste, masifikatu gabeko eta intimitaterako guneak dituzten ekipamendu duinak, profesional taldeak eta gizarte-zerbitzuak indartzea, eta Jantoki Sozial Publikoak dira eskatzen diren errekurtsoak.
Alarma egoerak iraun bitartean, Atano III. Frontoia, Ubako eta Ondarretako aterpetxeak eta Abegi Etxea dira etxerik ez duten pertsonentzat egokitutako espazioak eta, duela aste batzuk jasotako datuen arabera, 160 pertsona inguru hartatu dituzte udal zerbitzuek horietan. Dena den, Montuschik dioenez, “uste dugu oraindik ere aterpeetako plazak ez direla nahikoak. Itxaron zerrendan dagoen jendea dagoela badakigu eta plaza kopurua handitu beharrean, toki bat libre egon arte itxaroten dute”. Horrez gain, lo egiteko tokia izanda ere berezko etxerik ez duten pertsona ugari daude. “Jende askok badu non gaua pasa, esaterako, fabrika abandonatu bat. Baina hori ez da benetazko etxe bat, ez dituelako bizi kondizio duinak eskaintzen”, azaldu du Montuschik.
Horregatik guztiagatik, “erakundeek errekurtso gehiago jar ditzaten sinadurak jaso nahi ditugu”, azpimarratu dute Harrera Saretik. Deialdira atxikitzeko, lotura honetan sartu behar da.