Altzako Berrako beste langile batek salatu du erresidentziako egoera
GARA egunkarian jasotako testigantzan, material eta pertsonal falta dutela aipatu ditu eta bizi duten egoera latzaz hitz egin du. Langile honen testigantza aste honetan ezagutzen den bigarrena da dagoeneko, apirilaren 14an Twitterren zabaldu zen erizain baten eskutitzaren ostean.
Testigantzan dioenez, Berran dauden 140 egoiliarren beharrei erantzuteko bi erizain daude bakarrik, guztira zortzi badira ere, sei bajan daudelako. Era berean, gainontzeko langileetatik, hogeitamar bat bajan daude eta soilik mediku bat dago. “Kaosa” eta “kontrol eza” bizi dutela adierazi du langileak, eta egoitzak “ospitalea” dirudiela eta “ez erresidentzia bat”. Atzo goizean, Osakidetzako mediku bat eta hiru erizain egon ziren egoitzan.
COVID-19ak jota hildako egoiliarren kopuru zehatza ez dakitela adierazi du, soilik sintomak dituzten egoiliarrei egiten baitizkiete testak. Bestalde, kontatu du joan den larunbatean COVID-19ko proba langile guztiei egin zietela, baina ez egoiliar guztiei. Horrez gain, material berria iristen hasi bada ere, oraindik ere maskara eta babeserako arropa falta dutela ere partekatu du GARAk jasotako testigantzan.
Berrako erresidentziako egoera zaila azken egunetan zabaldu da sare sozialen bitartez. Apirilaren 12an, egoitza honetan COVID-19ak izandako eraginaren inguruko kezka azaldu zuen Altzako EH Bilduk eta Batzar Nagusitara eramango zutela adierazi zuten. Partekatutako datuen arabera, igandean hildako zazpi egoiliar zeuden eta COVID-19an positibo emandako beste hainbat egoiliar eta langile. Apirilaren 14an, Erizaintzako Eskolari zuzendutako egoitzako erizain baten eskutitza zabaldu zuten Erresidentziak Borrokan Twitterreko kontuan. Idatzian, bizitako egoera jasotzen zuen langile batek. “Nire lankidea une honetan bakarrik ari da lanean, goizeko zortzitatik gaueko hamarrak arte, guztiaren ardurarekin. Listan zeuden zazpi erizainetatik soilik batek egin dezake lan, eta asteburuetan soilik egiten du lan”. Dena den, erizainak zioenez, egoera latzena jasaten ari direnak egoiliarrak dira. “Askoren osasunak nabarmen egin du okerrera eta ezin dira behar bezala hidratatu”.
Gipuzkoako erresidentzien egoera
Berrako kasua sare sozialetan bereziki birala egin bada ere, Gipuzkoako beste zenbait erresidentziatan bizitzen ari diren egoerak ere salatzen ari dira, Tolosako Iurramendi, Ordiziako San Josen edo Zumarragako Argixaon, esaterako.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeramaile den Eider Mendozak asteartean, apirilaren 14an, emandako bideokonferentzian berretsi zuen Gipuzkoako erresidentziak “lehentasun nagusia” direla erakundearentzat eta “gure ahalegin eta baliabide guztiak, une honetan, Gipuzkoako egoitza sarean COVID-19 gaitzaren hedapena gelditzera bideratuta ditugu”. Horretarako, martxoaren 5ean martxan jarritako gizarte politika arloko Txoke Plana aipatu zuen “zazpi jarduketa lerro eta 50 ezohizko neurri aurreikusten” dituena, besteak beste, egoeraren monitorizazioa egitea une oro, erresidentzietako langile guztiei Osakidetzako test bikoitzak egitea (test azkarra+PCR), maskarak esterilizatzeko makinak erostea eta abar.
Egun berean, ELA sindikatuak Donostiako Lan Arloko Epaitegian Tolosa, Ordizia eta Zumarragako egoitzetan bizi den egoera salatzeko dokumentua aurkeztu zuen, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta erresidentzia horietako arduradunak diren enpresei eskatuz neurriak betetzeko. Iurramendi eta San Joseko kasuetako bi autoak publiko egin berri dira eta ELAk eskatutako kautelazko neurrien demanda berresten du. Argixaoren kasua oraindik ez da publiko egin.