Jatetxetik Harrera Sarera
Taberna eta jatetxe askok hozkailu eta janari biltegiak goraino zituztenean iritsi zen alarma egoera. Hori dela eta, elikagaiak ez bota eta aprobetxatzeko moduak bilatzen saiatu ziren batzuk. Horietako bat izan zen Agus Rodriguez Pandora tabernako jabea. “Parte Zaharreko zaintza taldekoek harremanetan jarri ninduten Harrera Sarekoekin. Bideratzeko nahia azaldu nien eta beraien beharrari erantzuten ziola esan zidaten”.
Hala hasi ziren Pandoran zuten Harrera Sareko erabiltzaileentzat prestatzen: “haien irizpidea jarraituz, porru-patatak, errusiar entsalada, arroza eta abar egiten hasi ginen, ganbaran genuenarekin. Baina baita etxean egindako postre batzuk, gozotasun apur bat izan dezaten”, azaldu du Rodriguezek. Hasieran janaria ia egunero eramaten zuen. Baina Rodriguezek Harrera Sarearekin zuen inplikazioa aldatzen joatea erabaki zuen: “Harrera Sareko erabiltzaileentzat erosketak egiten hasi nintzen, eta orain hortan aritzen naiz ni batik bat, baita arropa zaharra biltzen ere”. Hala ere, zenbait egunetan prestatutako janaria ere eramaten jarraitzen du, bai Harrera Sarera, bai partikular batzuengana. Asteazkenean, esaterako, tiramisua eraman zien.
Erosketak egin ondoren, SOS Arrazakeriakek Atotxan duen biltegira eramaten ditu. Hain zuzen ere, Hiritarren Harrera Sareak bertan biltzen ditu jasotako elikagai guztiak. Sareko Garazi Montuschik dioenez, “astean behin, jasotakoarekin, poltsa batzuk prestatzen ditugu eta boluntario talde batek banaketak egiten ditu. Familia eta pertsonen bizilekuetara eramaten dituzte zuzenean”.
“Profil askotako jendea ikusi dut janari bila etortzen. Eta lana egingo ez bagenu, Donostian bizi den jendeak gosea pasako zukeela burura etortzen zait askotan”, dio Rodriguezek. “Denok dakigun errealitate bat da, badakigu hor dagoela, baina ez dugu barrutik ezagutzen”, azpimarratu du.
Astelehenetik igandera sukaldean
“Une honetan, Harrera Sarera janari eske etortzen ari diren erabiltzaile gehienak sukaldea dute eta, beraz, janaria eurak egiteko behar dute”, azaldu du Montuschi Harrera Sareko kideak. Dena den, prestatutako janaria behar duten zenbait erabiltzaile ere badaude oraindik Harrera Sarean. “25 inguru dira une honetan”, zehaztu du.
Hain zuzen, astelehenetik igandera beharra dutenentzat janaria prestatzen jarraitzen dute Gregori Iturrioz eta Oihane Agirre ama-alabak, hurrenez hurren. Gandarias jatetxeko eta Xibarita Gandarias dendako arduradunak dira. Rodriguez bezala, jatetxe eta dendako hozkailu eta janaritegian zituzten elikagaiak baliabideak ez dituztenei eskaintzeko jarri ziren Harrera Sarearekin kontaktuan. Haurralde, Alde Zaharreko Caritas eta abarrekin ere hitz egin zuten, eta sare sozialetan zabaldu zuten euren egitasmoa. Egun 50-60 bat errazio egiten dituzte egunean.
“Dendak sukalde handi bat du, normalean produkziorako erabiltzen duguna. Une honetan, sukalde horretan ama eta biok aritzen gara”, azaldu du Agirrek. Prozesuan maskarak eta eskularruak erabiltzen dituzte, eta desinfekzio neurriak ere errespetatzen dituzte. “Janari guztia prestatu ondoren, plastikozko ontzi indibidualetan jartzen dugu eta dendako sarreran utzi, karro batean. Etortzean, tinbrea jo eta ireki egiten diegu, baina beraiek hartzen dute janaria. Modu horretan ez dago kontaktu zuzenik”, dio Agirrek.
Hasiera batean zituzten elikagai guztiak amaitu bazaizkie ere, lehenagotik zituzten zenbait hornitzaileen eta Haurralde eta Elikagai Bankuaren laguntzaz egitasmoarekin aurrera egiteko elikagaiak eta banaketa egin ahal izateko ontziak dituzte. “Lortzen ditugun oinarrizko elikagaiak edo ematen digutena erabiltzen dugu sortzeko”, dio Agirrek.