Maiatzeko programazioa bertan behera utzi du Kursaal Eszenak
Kursaal Eszenak atzo jakinarazi zuen alarma egoera eta konfinamenduaren luzapena dela eta, maiatzean ez dela emanaldirik egongo. Horien artean, Izaroren kontzertuak, hasiera batean martxoaren 21ean eta 29an egin behar zirenak eta maiatzaren 19 eta 20ra atzeratu zirenak, urriaren 27 eta 28an egingo dira, hurrenez hurren. Era berean, maiatzaren 16an aurreikusitako Musika Familian ataleko ‘Eko-musik’ kontzertua azaroaren 14an izango da. Dantza Konpainia Nazionalaren emanaldia, aldiz, bertan behera geratu da.
Atzeratutako kontzertuetarako erositako sarrerek data berrietarako balioko dute. Izaroren kontzertuen kasuan, martxoaren 21/maiatzaren 19ko kontzertukoak urriaren 27ko emanaldirako balioko dute, eta martxoaren 29/maiatzaren 20koak urriaren 28korako; bestalde, ‘Eko-musik’ Musika Familianeko maiatzaren 16ko kontzerturako sarrerek, azaroaren 14ko hitzordurako baleko izango dira. Sarreren zenbatekoaren itzulketa edo, Izaroren kasuan, dataz aldatu nahi izanez gero, eskaria luzatu behar da kursaaleszena@kursaal.eus posta elektronikora.
Dantza Konpainia Nazionalaren emanaldiko sarrerei dagokienez, internet bidez erosi zituzten lagunei automatikoki itzuliko zaie dirua, eta Kursaal Eszenako abonodunek ere emanaldiari dagokion diru kopurua zuzenean jasoko dute. Sarrerak lehiatilan erosi zituztenek, aldiz, euren datuekin emaila bidali behar dute kursaaleszena@kursaal.eus posta elektronikora itzulketa egin ahal izateko.