Alarma egoera amaitzean oinez eta bizikletaz mugitzea errazteko neurriak eskatu dizkio Kalapiek udalari
Konfinamendua amaitu aurretik ibilgailu pribatuen erabilera murriztu eta bizikletaz eta oinez egindako desplazamendu aktiboak sustatzeko neurriak hartzeko eskatu dio Kalapie Hiriko Txirrindulari Elkarteak Donostiako Udalari idatzi baten bitartez. Horretarako, zenbait proposamen zehatz egiten dizkio.
Alde batetik, ibilgailuen abiadura eta ibilgailu ez-egoiliarren sarrera mugatzea, eta hiriko kale zabalenetako errei bat txirrindularientzat gordetzea proposatzen dute. Bestetik, kaleak oinezko gune bilakatu eta semaforoak hauen beharretarako programatzea beharrezkoa litzatekeela diote. Era berean, bizikleten konponketaz arduratzen diren zerbitzuak, aparkaleku gehiago hiriko zenbait puntutan eta salgaiak bizikletetan garraiatzea sustatzea ere eskatzen dute, baita, egoerak utzi ahala, dBizi zerbitzua berriro martxan jartzeko.
Bestalde, konfinamendu egoera honetan, COVID-19 kutsadurak ekiditeko bizikletak erabiltzeak edo oinez joateak izan ditzakeen abantailak azpimarratu ditu erakundeak, besteak beste, pertsonen arteko segurtasun distantzia mantentzen dela bizikleten kasuan eta garraio publikoa gutxiago erabilita beste pertsona batzuk kutsatzeko edo birusa harrapatzeko aukerak murrizten direla. Gainera, ez dute ingurumena kutsatzen ezta giro-zaratarik sortzen, eta pertsonak eta salgaiak garraiatzeko bide merkea dira.