Batzorde eta udalbatzarreko jarduerari berriro ekingo dio udalak
Donostiako Udalak jakinarazi du datorren astetik aurrera berriro ekingo dietela Bozeramaileen Batzordeko eta Udal Batzarreko bilerei. Gaur goizean modu birtualean egindako Bozeramaileen Batzordean luzatu die proposamena Eneko Goiak udal-taldeei eta hala adostu da.
Bilera horiek ere modu birtualean egingo dira alarma egoerak iraun bitartean. Bozeramaileen Batzordearen lehen bilera datorren ostiralean, apirilaren 24an izango da. Egun horretan bertan amaituko da proposamenak, adierazpenak, eskari galderak edo iradokizunak egiteko epea. Udal-batzordeak, aldiz, maiatzaren 11 eta 12an egingo dira. Horren aurretik, maiatzaren 4an batzordeetako lehendakariak bilduko dira batzordeetako deialdiak egin eta erregistratutako egitasmoak aztertzeko.
Erabaki honekin, alkateak martxoaren 30ean sinatutako ohiz kanpoko ebazpena bertan behera geratzen da.