Donostiako Suhiltzaileek 139 desinfekzio lan egin dituzte zerbitzua martxan jarri zutenetik
Martxoaren 23an martxan jarritako desinfekzio kanpainaren baitan, Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuak guztira 139 desinfekzio lan egin ditu hiriko 41 eraikin, azpiegitura eta instalazioetan. Alegia, batez beste, eguneko zazpi desinfekzio lan egin dituzte.
Desinfekzio jarduera nagusia zaharren egoitzetan eta laguntza espezializatuko zentroetan egin da. Astean behin gutxi gora behera, eraikin barruko zein kanpoko eremu komunak desinfektatzeko lanean aritu dira suhitzaileak, hala nola jantoki edo eskaileretan. Gainera, Martin Ibabe Herri Segurtasunako eta Herri Babesako zinegotziak azaldu duenez, “desinfekzio horiek maizago egin dira COVID-19 kasu positiboak hauteman diren zentro edo egoitzetan”.
Aipatutakoez gain, aldian-aldian, suhiltzaileek desinfekzio prozesuak egin dituzte aterpetxeetan (udalak edo beste erakunde batzuek kudeatutakoetan, behin-behinekoetan zein iraunkorretan) eta autobus geltokian. Hiriko azokak ere partzialki desinfektatu dira.