“Eguneroko bizitza berreskuratzeko gogoa genuen, baina ez dut uste gugan ezer aldatu denik”
Wuhan hiria izan da Txinan 'normaltasuna' errekuperatzen hasi den txokoa. Baina handik ehunka kilometrora, Shanghain, konfinamendua duela hilabete amaitu zen gutxi gora behera. Lander Grijalba donostiarrak biztanle gehien dituen Txinako hirian itxialdia eta normaltasunera buelta nola bizi izan dituen kontatu digu.
Lander Grijalba (Gros, 1985) Shanghain bizi da, eta han egiten du lan. Konfinamendu egoera atzean utzita, hilabete eta erdi darama dagoeneko egunero-egunero lantegira joaten. Nolabaiteko normaltasuna bueltan da berarentzat, nahiz eta zenbait neurrik indarrean jarraitzen duten oraindik.
Nolatan joan zinen Txinara?
Beti izan nuen atzerrian bizitzeko desira. Asiako herrialdeak erakargarriak egiten zitzaizkidan, kulturalki guk ezagutzen dugunarekin inongo harremanik ez zuten sentsazioa ematen zidatelako. 2008ko krisiak gazteengan sortu zuen ziurgabetasunak ere Euskal Herritik at aukerak bilatzera eraman ninduen. 2010ean ikasketak amaitu bezain pronto txinatarra ikasten hasi nintzen, eta urte horretan bertan euskal gobernuak eskaintzen zituen kanpo merkataritzako beka bat lortu ondoren, hasiera batean urte eta erdiz luzatuko zen abenturari ekin nion. Eta bederatzi urte egin ditut dagoeneko hemen, hiru Pekinen, eta sei Shanghain.
Nolakoa izan da berrogeialdia herrialdean?
Hartu diren neurriak ez dira guztiz homogeneoak izan herrialde guztian. Antzekoak izan badira ere, posible da nire esperientzia eta Txinako beste bazter batean dagoen edo Shanghaiko beste eremu batean bizi den norbaitena guztiz desberdina izatea.
Zenbat denbora egon zara konfinamenduan?
Urtarrilaren 23an hasi ziren estatu mailan neurriak hartzen, eta martxoaren 2an hasi nintzen fabrikara joaten. Beraz, esan genezake hilabete inguru egon naizela konfinamenduan. Hala ere, Shanghain berrogeialdia zorrotza izan bada ez da gobernuak ezarritako neurriengatik, baizik eta jendeak kontua oso serio hartu eta gobernuaren gomendioak zorrotz jarraitu dituelako. Adibidez, gu bizi garen distrituan — 700.000 biztanle inguru eta COVID-19aren konfirmatutako 13 kasu izan dituena— etxetik ateratzea ez zegoen debekatua. Urbanizazioan bertan ibiltzeko zein urbanizaziotik kanpora ateratzeko aukera bagenuen. Dena den, oso arraroa zen jendea kalean ikustea eta, ateratzen zirenak maskararekin eta distantziak behar bezala errespetatuz egiten zuten. Beraz, denbora gehiena etxean pasatu badugu ere, guk ez dugu etxetik atera ezinak sortzen duen ezinegonaren sentsazio hori izan.
Zein beste neurri hartu dira?
Besteak beste, hiru astez oinarrizkoa ez zen jarduera ekonomiko guztia etetea; supermerkatuetan, urbanizazio sarreretan zein lanpostuetan derrigorrezko tenperatura kontrolak egitea; positibo eman duten zein hauekin harremana izan duten pertsona guztiak isolatu eta berrogeialdiak inposatzea; eta jarduera ekonomikoa mailakatuta eta kontrolatuan berrabiaraztea, batik bat kutsadurak saihesteko.
Gure enpresaren kasuan, esaterako, krisia hasi zenetik egunero lankide guztien informazioa gordetzen zuen dokumentua pasatzen genion gobernuari: langilearen lokalizazioa, Hubei probintzian egon den, probintzia hartan egon den norbaitekin kontaktuan egon den ala ez, egun horretako tenperatura, COVID19arekin erlazioa duten sintomarik ote duen eta abar. Otsaila erdialdean, informazioaz baliatuz, gobernuak lanera itzultzeko baimena zuten langileen zerrenda bat pasatu zigun —200 langiletik gora gara, eta zerrenda horretan 50 bat langile besterik ez zeuden—, eta gobernuko langileak enpresara etorri eta segurtasun neurri guztiak betetzen genituela egiaztatu ostean, otsailaren 17an jarduerari berriro ekiteko onarpena jaso genuen. Hortik aurrera astero zerrenda hori berrikusten zen, eta langile gehiagok lanera itzultzeko aukera izan genuen. Gaur egun ere langile guztiok aplikazio baten bidez inkesta antzeko bat bete behar dugu, gure egoera zein den argituz.
Nola bizi izan duzu zuk?
Etxetik atera ezinak sortzen duen ezinegona ez izateak oso eramangarria egin du egoera hau nire kasuan. Lehen bi asteak ia-ia etxetik atera gabe pasa banituen ere, hirugarren astetik aurrera egunero ateratzen nintzen kirola egitera, ibiltzera eta abar. Oso eramangarria izan da. Gainera, etxetik lanean jarraitu dugu.
Une honetan, zein da egoera Txinan?
Bai lanean baita eguneroko bizitzan ere normaltasunera itzuli garela esan dezakegu, nahiz eta hainbat gauzak oraindik ere krisi egoeran zeuden era berean jarraitzen duten: zinemak itxita, hezkuntza geldirik, tenperatura kontrolak edonon eta abar. Bigarren olatu baten beldur dira, eta dena prest dute hau iritsiz gero berriz ere beharrezkoak diren neurriak hartzeko eta Estatuaren baliabide guztiak epidemiaren kontra lanean jartzeko. Honetan ez dute parekorik.
Berrogeialdia bukatu denean, zure egunerokotasunean zerbait aldatu dela nabaritu duzu?
Egia esan, normaltasunera itzuli eta eguneroko bizitza berreskuratzeko gogoa genuen, baina ez dut uste gugan ezer aldatu denik. Akaso orain eskuak maiztasun gehiagorekin garbitzen ditugu, eta doministiku zein eztula egiteko orduan eskua ordez besoa erabiltzen dugu ahoa tapatzeko, baina, bestela, aldaketa gutxi.
Nola ari zara bizitzen hemengo egoera?
Larritasunarekin, normala den bezala. Nahiz eta guk ere egoera hori pasatu dugun, distantziak beti gehitzen dio urduritasun puntu bat. Hemendik hainbat gauza ulertezinak egiten zaizkigu, orain arte maskarak birusaren hedapena ekiditeko tresna erabilgarria ez zirela esan izana, esaterako. Bai Txinan eta baita Asiako herrialde askotan ere, maskararen erabilera oso hedatua dago eta birusaren hedapena ekiditeko elementu klabea dela uste da.
Senideak eta lagunak ondo daude?
Bai. Zorionez, senide zein lagun guztiak ondo daude.
Berrogeialdiko egoera pasa duzunez gero, zein aholku ematen diguzu berrogeialdian jarraitzen dugunoi?
Nor naiz ni aholkuak emateko! Aprobetxatu etxean egin daitezkeen eta gustukoak dituzuen gauzak egiteko, eta animo! Laster berriz ere izango duzue aukera dendak jendez gainezka betetzeko, merkataritza-guneak hustu eta neurrigabeko kontsumoa errekuperatzeko, hemen egin dugun bezala. Horretarako ere, guztiak berdinak gara eta. Maitasunez, noski.