'Errail berriak': itxialdiari aurre egiteko preso ohi batzuen gomendioak
Presoak Kalera Groseko elkartasun taldeak auzoko euskal preso politiko ohi batzuek idatzitako testu bat zabaldu du itxialdia ahalik eta modu onenean eramateko zenbait gomendio jasotzen dituena. Hona hemen testua, bere osotasunean.
Itxialdi baten ezaugarririk behinena norbera ohikotasunetik atera egiten duela da. Errail batetik mugitzen gara, oro har. Nor beretik. Eta errail horiek gabe galduta egongo bagina bezalako sentsazioa izan ohi da. Baina itxialdian beste errail batera pasa gaitezke norberak eraikitzen doan errutinaren bidez. Errailak errutinak baitira, izan. Eta hori egiteko edo garatzen joateko gaitasuna denok dugu.
Herri okupatua garenez eta erabateko kolonizaziotik gertu gaudenez, muturreko egoeretan ere arrotz zaizkigun botereen menpekoak gara. Ez ginen burujabeak eta ez gara. Baina, hori horrela izanik ere, errealitate horren pertzepzioa, askotan oharkabe samar pasatzen dena, areagotu egiten da oraingoa bezalako “muturreko” egoera batean. Gehien-gehiena goitik behera datorkigu. Egoeraren irakurketa, erabakiak, jendartearen manipulazioa, mugak, askotariko indarkeriaren erabilera… Dena inposaketaren bidez helarazten digute. Uste genuenaren kontra, gure bizitzak gure kontrolpetik at daudela sentitu dezakegu, putzu horretan plisti-plasta aritzeko ordu piloa dugularik, gainera.
Horiek horrela, erraza da etxe barruko itomena sortzea norberaren baitan. Desoreka, sosegurik eza, larritasuna, urduritasuna… Azken batean, ez gabiltza-eta geure errailetatik, terra incognita moduko batean baizik. Baina honek guztiak ez du zertan horrela izan. Baditugu zenbait tresna egoerak eragiten digun larritasun horri aurre egiteko:
- Hilabetea asteek egiten dute eta astea egunek: gu egunez egunekoan zentratuko gara. Egunekoa ardatza izanik, horrexek baitauka garrantzi gehien. Egunez egun joan egunekoa egiten, batez ere. Bestela, kalera eta ohiko jardunetara itzultzeko eguna egutegian begiratu ahala urrunduz doan zenbaki bat baino ez da izango. Luze jo dezake honek txipa aldatu ezean.
- Ordutegi bati jarraitzeak errutina sortzen (egun hauetarako errail berria) lagunduko digu. Eta, kasu, geuk finkatutako errutina eta ordutegian mugituz, biziz, berriz ere ‘egituratuta’ gaudela sentituko dugu. Baina ez da sentsazio hutsa, egia baizik: egitura hori eraikiko dugu eta, horren bitartez, egun hauetarako propio sortutako errailetan joango gara.
- Telelanean ari denak lan gutxiago izango du ordu “hutsak” betetzen. Horretan ari ez denak erronka handiagoa dauka, baina guztiz egingarria da.
- Norberak sortu eta eraman behar du bere errutina. Dena den, osagai hauek ere izan beharko lituzke:
1. Ariketa fisikoa: hemen denak balio du. Etxetik ibili, bizikleta estatikoa, sokasaltoa, zumba, yoga, pisuak altxatu eta abar.
2. Luzaketak: ezohiko egoeretan gorputzak, norberaren babesa bilatuz, uzkurtzea bilatzen du eta honek ondoeza fisiko-psikikoa eragiten du. Ordenagailuaren aurrean dabilenari ere berdin gertatzen zaio. Hortaz, giharrak-zurdak luzatu egin behar dira.
3. Arnasketa: arnasketa osoa eta kontzientea. Honek emango digu oxigeno gehigarri bat gihar-zurdetan zein garunean. Eta oso eraginkorra da antsietatea eta gehiegizko estresari aurre egiteko.
Kontuan izan, aipatutakoaz gain, gauera-sofara-ohera neke puntu batez iristea lagungarria izango dela lo hobeto egiteko.
- Gustatzen zaizkigun gauzak egiteko edota berriak probatzeko tartea ere hartu behar dugu. Orain dugu aukera, hau da unea! Margotzen hasi (koadro bat zein hezetasunak jaten hasitako gelako txoko hori), maketak egin (musika, diorama, proiektua), irakurketa (normalean irakurtzeko denborarik izaten ez dugun liburu horiek eta beste) edo gaitasun berriren bat jorratu. Hemen denak du lekua, gogoen eta inguruan ditugun gauzen arabera. Muga bakarra, eskuarki, geu baikara.
- Dieta zaintzeak ere berebiziko garrantzia dauka. Zenbat eta garbiago jan, hobeto funtzionatuko dute gure sistema guztiek (odol-zirkulazioak, arnas-aparatuak, defentsek, nerbioek, urdail-aparatuak eta abarrek). Baina, jakina, apeta goxoentzako tartea ere izan behar da, horiek salbuespena izango badira ere. Bekatuan sano…
- Atsedena. Gauetan arazoak handitu egiten dira. Horregatik komeni da ohera ahalik eta lasaien sartzea. Bestelako kontuekin buruan, irakurri dugun ipuinaren edertasuna, ligatu genuen gau polit horren oroitzapena, plazerra sentitu (nork bere buruari emandakoa edo besteengandik jaso eta besteei emandakoa, aukeren arabera). Garrantzitsua: utzi alde batera mugikorrak, ordenagailuak eta bestelako aparatu elektronikoak ohera sartzeko garaian, aztoratu egiten gaituzte eta.
- Sentimenduak. Gerta daiteke haserre sentitzea. Horregatik, komunikatzeak berebiziko garrantzia du. Askotan ingurukoekin hitz egiten hasita nabariko dugu haserrea baretzen dela. Maiz ez dugu jakingo nola hasi komunikatzen, eta kasu honetan erabat zaurgarri azaltzea da egokiena: “haserre nago eta ez dakit norekin, ez eta zergatik ere” esaldiak ireki dezake bidea. Estres handiko egoerak dira hauek, nahiz eta ez den agerikoa.
- Komunikazioa. Komunikatzeari uzteko tentaldia izan daiteke burumakur sentitzeagatik, gogo ezagatik eta abarrengatik. Eta gure-gurea den ezaugarria indargabetuko genuke horrela. Izan ere, izaki sozialak garen heinean, interakzioa, elkarrekintza eta abar, beharrezkoak ez ezik, ezinbestekoak ditugu.
Laguntzeko prest gaude, baina prest al gaude laguntza eskatzeko? Ez da galdera erretorikoa, hausnarketa eskatzen duena baizik.
Komunitatea eraikitzen badihardugu, eta ari gara komunitate horren parte garenez gero, komunitateak dituen antzeko edota behar berberak izango ditugu geuk ere.
Eguna beteta izateak balio du, orokorrean. Eta berdin balio dezake kontrakoak. Oreka eta norberari balio zaiona: horra mamia. Garrantzitsuena, beraz, ditugun espazio eta denboran nork bere burua ahalik eta egokien kudeatzea da. Ez dago formula eraginkor bakarra. Bakoitzari balio zaionak balio du. Izan daitezke oso modu diferenteak, kontrajarriak ere, eta ondo funtzionatu.
Askotan, ordulariak markatzen duen denbora eta harekiko gure pertzepzioa ez doaz batera. Erlatibitatearen eragina da hori. Hori aldatzeko, ordea, aski da begirada gure zilborretik altxatzea: besteengan, beste gauzetan zentratu eta, zentzurik onenean, geure buruaz ahaztu. Kontraste gisa, introspekzio sakon baterako unea ere izan liteke hau. Fokua non jartzen dugun, horrexek ezaugarrituko du nola pasako ditugun egun hauek.
Bada, hemen gaude elkar laguntzeko.