Emakumeek idatzitako gidoien bila ari da Señor eta Señora ekoiztetxea
Aritz Moreno errealizatzaile donostiarrak eta Leire Apellaniz ekoizleak sortutako proiektua da Señor y Señora ekoiztetxea, eta Egian dauka egoitza. Sare sozialetan zabaldutakoaren arabera, emakumeek idatzitako gidoien bila dabiltza, film laburrak egiteko.
Sortzaile bakoitzak bi proiektu aurkeztu ahalko ditu gehienez, eta gaia modu librean aukeratu ahal izango dute. Gidoien luzerak 20 orrialdeko muga izango du, eta maiatzaren 4a izango da lanak bidaltzeko azken eguna; info@señoryseñora.es helbide elektronikora bidali behar dira.
Ekoiztetxekoek azaldutakoaren arabera, proposamen “txinpartatsuak, pizgarriak, originalak eta paregabeak” espero dituzte. Era berean, gomendatu dute gidoiak erregistratuta egotea; hala ez balitz, aurrerago egiteko aukera ere badagoela gaineratu dute. Bestalde, moldatutako lanak aurkeztuz gero, egile eskubideen jabetza frogatu beharko dute parte hartzaileek.
Proiektuak info@senorysenora.es helbide elektronikora bidali beharko dira maiatzaren 4a baino lehen.