Euskal kulturgintzaren greba digitala egingo da bihar eta etzi
Apirilaren 21ean eta 22an kultur edukirik ez partekatzeko deia luzatu dute euskal kulturgintzako hainbat eragile, sortzaile eta profesionalek, Ikusi gaitzazuen desagertuko gara, entzun gaitzazuen isilduko gara lelopean. Dagoeneko ia 800 atxikimendu ditu jaso ditu deialdiak.
Greba digitalak hiru helburu ditu: alde batetik, norbanakoak euskal kulturgintzarekiko duen atxikimenduaren inguruan gogoeta eragitea; bestetik, COVID-19ak sektorean izango dituen kalteei erantzuteko beharrezko neurriak har daitezen exijitzea maila anitzeko erakundeei; azkenik, ekosistemaren parte direnen elkargunerako topagune bat antolatzeko lan egiten hastea.
Greba deialdian jasotzen denez, “hainbat eragilek neurri sorta zehatzak proposatu dituzte, bai larrialdiak dirauen artean hartzekoak, baita etorkizunean gure kulturgintzaren ekosistema osasuntsu iraunaraziko dutenak”. Neurri horiek kultura bultzatzeko “ezinbestekoak” diren erakunde publikoei luzatu dizkiete, baina, “udal batzuek salbu”, gainontzekoek ez diete kasurik egin.
Era berean, itxialdi garaia dela eta, kultur programazio guztiak bertan behera geratu dira, kulturgileen —eta, bereziki, sortzaileen— egoera oraindik “prekarioagoa” bihurtuz. Bestalde, “zuzeneko emanaldiak, grabatuak, irakurketa aholkuak, dantza ikastaroak eta abar” bultzatu ditu, baina “gehien-gehienak debalde”. Dena den, “sortzaileok egoeraren jakitun ari gara duguna herrikideekin eskuzabaltasunez partekatzen”, adierazi dute, eta hori dela eta “kulturaren balio soziala hausnartzeko eskatu” diete herritarrei.