Isileko ehiztari bat atzeman dute Artikutzan
Enrique Ramos Donostiako Udaleko Ekologiako zinegotziak azaldu duenez, isileko ehiztari bat harrapatu zuten Artikutzako basozainek asteburuan. Zinegotziaren arabera, basozainek lehendik ezagutzen zuten ehiztaria, eta Eskas inguruan ikusi zuten ostiraleko 22:15ean, gutxi gora-behera. Basozainak gaueko guardia egiten ari zirenez, Eskaseko argia piztuta zegoen eta euren ibilgailuak kanpoan aparkatuta zeuden, beraz, ehiztariak atzera egin zuen.
Ertzaintzari abisua pasa zioten, eta agenteek isileko ehiztariaren ibilgailua geldiarazi zuten Bianditzetik jaisten den errepidean, ehizarako arma bat eta munizioa zeramatzala. Gerora, Artikutzako lursailean orkatz bat ehizatu zuela onartu zuen isileko ehiztariak.
Ertzainek arma kendu zioten eta salaketa jarri zioten, izan ere, debekatuta dago Artikutzan ehizatzea, Natura 2000 sarearen barruan baitago. Beraz, bi aldiz urratu zuen legea ehiztariak: konfinamendua urratzeagatik eta isilean ehizatzeagatik. Bai Artikutzan eta bai Aiako Harrian isileko ehiza egiten dela pentsarazten duten zantzuak daude, eta Foruzaingoak hainbat salaketa jarri izan ditu isileko ehiztariak gauez Artikutzan ehizan harrapatu ondoren.