Isolamendu garaian dolua kudeatzeko bigarren online saioa egingo du Bidegin elkarteak
COVID-19 birusaren zabalpena saihesteko neurriek zeharo aldatu dute gizartearen egunerokotasuna, eta eragin zuzena izaten ari dira herritarren ohituretan. Esaterako, konfinamenduak eragin zuzena du senide eta lagunen baten heriotza eta horren ondorengo dolua kudeatzeko orduan, izan ere, gizartean ohikoak diren agur errituak egitea debekatuta dago orain.
Horren aurrean, Zurekin izeneko online topagunea sortu du Bidegin elkarteak, isolamenduan “elkar entzun eta laguntzeko”, eta dolua modu komunitarioan kudeatzeko. Elkarteak Egian du bere egoitza, eta taldea osatzen duten profesionalek urteak daramatzate doluan dauden pertsonei eta senideei, eta gaixotasun larri aurreratuei aurre egiten dieten pertsonei lagun egiten.
Konfinamendu neurria dela eta, eskaintzen dituzten zerbitzuak eten behar izan dituzte, baina alternatiba gisa, online topaketak egingo dituzte astero. Bihar, apirilaren 21ean, egingo dute bigarren saioa, eta aurrekoaren funtzionamendu bera izango du. Bi talde osatuko dituzte, euskarazkoa eta gaztelaniazkoa, eta parte hartu nahi dutenek zurekin@bideginduelo.org helbidera idatzi beharko dute, saioaren aurreko astelehenaren 19:00ak baino lehen. Goizean, 10:00etatik 11:30era gaztelaniako taldearen txanda izango da; 16:30etik 18:00etara, berriz, euskarazko saioa egingo dute.
Izaskun Andonegik, Bidegin elkarteko kideak IRUTXULOKO HITZAri azaldu dio “ederra” izaten ari dela sortu duten prozesua. Talde txikiak osatu direla kontatu du, eta gaineratu du parte hartzen dutenek lagungarritzat hartu eta “bihotzez” eskertzen ari direla egitasmoa. “Mina eta itxaropena elkartzen dira”, adierazi du Andonegik. Era berean, gehitu du beste batzuentzat ere eredugarria izaten ari dela proiektua, euren komunitatean halako espazioak sortzeko.