Kutsadurak behera egin du Donostian
Donostiako kutsadura jaitsi egin da, martxoaren 30etik apirilaren 12ra bitartean egindako hiriko airearen kalitatearen inguruko azterketan jasotako datuen arabera.
Hiri-ingurumena gehien kutsatzen duten elementuak nitrogeno dioxidoak (NO2) eta tamaina handieneko partikulak (PM10) dira. Hain zuzen, airearen kalitatea neurtzeko, NO2 eta PM10 mailak aztertu dira hiriko estazio guztietan, alegia, Añorga, Tolosako Etorbidea, Ategorrieta, Easo, Puio eta Zubietan.
Nitrogeno dioxidoen iturri nagusia ibilgailuak dira eta, trafikoaren jaitsiera dela eta, nabarmen murriztu dira estazio guztietan. Dena den, jaitsiera nabariagoa (%53-%67) izan da industria-jarduerak eta gertuko obrak zituzten eremuetan, erdiguneko estazioetan—Easo, Ategorrieta— baino.
PM10 partikulak giza jardueretatik sortutakoak —trafikoa, jarduera industriala eta abar— eta jatorri naturala dutenak —Saharako hautsa, polena eta abar— izan daitezke. Kasu horretan ere kutsatzailea ia estazio guztietan jaitsi bada ere, murrizketa txikiagoa izan da. Izan ere, apirileko lehen hamabost egunetan polenak gora egin du eta inguruan zuhaitz gehien dituzten estazioetako datuengan eragin zuzena eduki du, besteak beste, Puioko estazioko datuengan.