"Leihotik ikus daitekeen bizitza asko dagoela konturatzen zara"
Migrazio eta hazkuntza garaia da hegazti askorentzat. Gainera, gizakion itxialdia aprobetxatuta, badira ohikoak ez diren tokietan azaltzea erabaki duten espezieak. Udaberria pil-pilean dago, inoiz baino gehiago, agian. Adituek, aldiz, euren lana etxetik egin behar dute eta horrek mugatu egiten ditu nolabait. Baina baita aukera berriak sortu ere. Gorka Gorospe hegazti behatzaileak hala uste du behintzat.
Gorka Gorospe (Donostia, 1968) hegazti behatzailea, ornitologo eta ingurumen-gidaria da. Hegaztien eta faunaren inguruko ikerketak eta gida ornitologikoak egiten aritzen da, batik bat Nafarroan. Egun Iruñan bizi bada ere, itxialdia amaren etxean, Donostian, ari da pasatzen, familia kontuak direla eta. Etxeko balkoia da une honetan bere behatokia.
Zer egiten du zehazki hegazti behatzaile batek?
Modu ez-profesionalean hegaztiak behatzen aritzen diren pertsonek jasotzen dute izen hori, nahiz eta profesionalak ere egon. Nik ez nuen biologia karrera ikasi, nekazaritza ingeniaritza baizik, eta ornitologia formakuntza ofizialik ez dago hemen. Hori dela eta, neure burua formatuz ikasi dut. Bizitzak bide honetatik eraman nau, azken batean txikitatik gustatu zaidana izan da. Eta nire ogibide bilakatu da.
Udaberria izanik, nola bizi du hegazti behatzaile batek etxean gelditu behar izatea?
Hasiera batean frustrazioa sor dezakeela dirudi. Udaberrian asko ateratzen gara normalean, hegazti asko jaiotzen direlako eta beste askok migrazioa egiten baitute. Baina etxean geratu behar dugunez gero, modu naturalean, leihotik edo, nire kasuan, balkoitik begiratzea da ateratzen zaiguna. Zorte gehiena dutenek, lorategitik begiratu dezakete. Eta leihotik ikus daitekeen bizitza asko dagoela konturatzen zara.
Zure etxeko balkoitik zer ikusi duzu?
Nik zorte handia dut egia esan. Zurriolako hondartza parean bizi naiz eta nire balkoitik itsasoa ikusten dut. Hori dela eta, itsasoko hegazti asko ikusten ari naiz. Esaterako, sei kaio espezie desberdin ikusi ditut dagoeneko, baita zanga, txenada hankabeltza eta ubarroi mottoduna ere. Europako erdialdera migrazioa egiten ari diren eta kostara gerturatzen ari diren hegaztiak ere ikusi ditut. Batik bat, hego-haizea dagoenean ikusten dira. Adibidez, hegazti harrapari batzuk —arrano txikia, miru beltza, miru gorria, gabiraia — eta hegazti txikiak —karnaba, tarina, enara—.
Pasatzen ikusten dituzu soilik, ala ikerketa egin eta argazkiak ere ateratzen dituzu?
Denetarik egiten dut, egia esan. Behaketa puntu finko batean egoteak ikus dezakezuna mugatu egiten dizu, alde batetik, migrazioan dauden hegaztiak gelditu gabe pasa ohi dira gehienetan eta pasatzen ikusi besterik ezin duzu egin. Baina toki finko batetik begiratzeak ahalbidetzen dizu bistan duzun espazio hori bertatik pasatzen diren edo bertan bizi diren hegaztiek nola erabiltzen duten ikustea. Kaio eta ubarroiak, esaterako, hainbat jarduera egiten ikusi ditut: ehizan, arrantzan, euren artean borroka edo toki berriak esploratzen.
Badago zerbait bereziki deigarria egin zaizuna?
Zurriolako hondartza oso turistikoa da eta beti jendea edo txakurrak daude. Hori dela eta, hegaztiek normalean ez dute behar duten lasaitasuna topatzen eta ez dira ia-ia gelditzen. Egun hauetan hondartzara jaistea galarazita dagoenez, hegazti asko gelditzen ari dira elikatzera edo atseden hartzera, bai zonaldean bizi direnak, baita migrazioan daudenak ere. Eta lehenago hemen ikusi ez ditudan espezieak ikusi ditut. Tokiak duen potentziala erakusten digu horrek. Lasai egongo balitz, hegaztiek bere egunerokotasunean erabiliko luketen espazio bat izango litzateke.
Lehenago ikusi ez zenituen espezie horietako baten bat aipatu dezakezu?
Atalarra, adibidez. Espezie migratzailea da, eta normalean estepan edo eremu idorretan hazi ohi ditu kumeak. Gipuzkoatik migrazioan pasatzen da, eta Txingudiko badian gelditu diren batzuk ikusi baditugu ere —deskantsatzeko tokiak dituztelako—, Zurriolako hondartzan espezie hau atseden hartzen ikusten dudan lehenengo aldia da.
Txorien soinua ere inoiz baino gehiago entzuten da hirian. Zergatik da hori?
Trafiko eta jende gutxiago, eta kalean isiltasun handiagoa dagoelako, ziurrenik. Han dauden eta normalean abesten duten txoriak dira, baina zaratagatik ez ditugun entzuten. Esaterako, badira eguzkia atera aurretik abesten hasten diren txori batzuk —zozoa, txantxangorria —. Itxialdirik gabeko egun normal batean, trafikoa eta zarata dela eta, ziurrenik ez genituzkeen entzungo. Duela egun batzuk, aldiz, primeran entzuten ziren. Gainera, kantuak etxetako errebotatzen zuen eta, hori dela eta, oraindik nabarmenago entzuten ziren.