Balkoietatik soinu eta itzalak proiektatuz manifestazioa egingo dute klimaren alde
COVID-19aren osasun larrialdi egoeraren eta honek eragingo duen krisi ekonomikoaren harira, datorren apirilaren 24ean, ostiralean, klimaren aldeko ekintza global bat gauzatzeko deia egin dute ehunka erakunde sozialek, eta Fridays for Future, 2020 Rebelión por el Clima, eta Alianza por el Clima elkarteen babesean.
Ekimenak ingurumena eta pertsonak erdigunean jartzearen beharra aldarrikatuko du, baita “justizia soziala eta klimatikoko irizpideak izango duen itzulera ere izatea”. Manifestazio berezi bat proposatu dute, soinu eta irudiak balkoietatik etxe-aurreetara proiektatzea, hain zuzen. Horiek argazi eta bideoen bidez sare sozialetan partekatzea da haien asmoa.
Antolatzaileek manifestazioa modu berezi honetan egitea erabaki dute, krisialdiaren egoeraz jabetuta, eta ez dutelako pandemiaren aurkako borrokan oztopatu nahi, ezta baliabideak kendu ere. Hausnarketa egitera bultzatu nahi dute jendea, eta bide batez, etorkizuneko ekintza “zehaztuagoen eta irmoagoen” oinarriak finkatzera deitzen dute.
Klimaren krisia errealitate gordina dela azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek: “Inoiz ez bezalako larrialdi klimatiko bati aurre egin behar dio gizateriak, eta lehen-lehenik, bizitza babesteko arduraz jokatu behar du. Espeziaren biziraupena arriskuan jartzen duen produkzio eta kontsumo ereduaren ondorio zuzena da berotze globala. Baliabide naturalen mugagabeko ustiapenean oinarrituta, era zuzengabean herri zaurgarri eta behartsuenetan talka egiten du horrek”. Larrialdi klimatikoaren aurrean irmo jokatzeak etorkizuneko ingurumen eta gizarte inpakturik okerrenak saihestuko dituela adierazi dute, eta gobernuei dei egin diete egoera bere gain hartzeko.
Jarduera ekonomikoa modu klimatiko eta sozial batean eraldatzea proposatzen dute. Ikuspuntu klimatikotik, berotegi-efektuko gasen emisio garbien murrizketa zorrotzari aurre egitea ezinbestekoa dela uste dute, “jarraibide zientifikoekin bat etorriz eta neutraltasuna ahalik eta azkarren lortuz”. Bestalde, ikuspegi sozialetik, pertsona eta kolektibo zaurgarrienei erabateko lehentasuna eman behar zaiela aldarrikatu dute, bizi baldintza duinak bermatzeko.