EH Bilduk kultur bizitza berrartzeko eta indartzeko proposamenak azaldu ditu
Kaleko kultur eskaintza berrartzea, eta hiriko jaialdietan bertako sortzaileak lehenestea proposatu dute, besteak beste.
Donostiako EH Bildu taldeak COVID-19aren krisiarengatik bereziki kaltetua izango den kulturaren eta kulturgileen egoeraren inguruan gogoeta egin du ohar batean, eta aurrerantzean hartu beharreko neurri batzuk proposatu dituzte.
Euskal kulturgintzaren prekarietatea egiturazko arazoa dela aipatu dute, eta koronabirsuaren krisiak egoera prekario hori larriagotu egingo duela, aisialdia eta kultura azkenak izango baitira normaltasunera itzultzen. Horrek erantzun azkarrak behar dituela aipatu dute, bai uneari erantzuteko premiazko neurriak, baina baita sektorea eta kultur bizitza indartuko dituzten egiturazko neurriak ere.
Kulturak hirian duen garrantzia azpimarratu nahi izan dute. Sortzaileak konfinamendu egoeran babesik gabe geratu direla salatu dute, eta are gehiago euskaraz sortzen duten kulturgileak: “hitzartuta zituzten emanaldiak bertan behera geratu dira, argitaratu asmo zituzten lanak ezin plazaratu daude, iturri ekonomikoen emaria etenda…”.
Udala gobernuarekin krisiaren hasieratik harremanetan jarri zirela adierazi dute, kulturaren esparruan aurreikusten zuten egoerari aurrea hartzeko: “Besteren artean, kezka adierazi genion Donostia Kulturako langileen egoeraren inguruan (behin behinekoak bereziki), galdetu genion harremanik izan ote zuen hiriko kultur eragileekin beraien egoeraz jakiteko, itaundu genion zer asmo zuten programatuta edota hitzartuta egonik bertan behera geratutako emanaldi eta egitasmoekin, eta eskatu genion, kulturako aurrekontuan aldaketarik egin behar izatekotan, Administrazio Kontseiluari eskatzeko irizpide batzuk, erabakiak adostuak izateko, ahal zen heinean”. Udalak gainerako taldeekiko harremana berrartu ez izana salatu dute.
Kultura entretenimendu hutsa baino gehiago dela azpimarratu nahi izan dute. Aldi berean, udalak “garaiak eta egoerak eskatzen duen kulturarekiko konpromisoa hartu behar duelakoan” daude.
Hauek dira Donostiako EH Bilduk proposatutako neurriak:
- Kultur mahai bat sortzea, krisi honen ondorioei adostasunetik eta modu koordinatuan erantzuteko, eta etorkizuneko bide orri berri bat finkatzeko.
- Kulturgileei udal zergak ordaintzeko erraztasunak ematea, edota 2020ko tasak ordaintzetik salbuestea.
- Bertan behera geratutako emaldiei eustea. Hitzartutako ekarpenaren %30a aldez aurretik ordaintzea, eta gainontzeko %70a ikuskizuna edo emanaldia egitean jasotzea proposatzen dute, beti ere malgutasuna mantenduz.
- Udalaren kultur eskaintzari eustea eta beste eragileena ere bultzatzea, birtualtasunetik harago. Horretarako, kaleko kultur eskaintza berrartzea aldarrikatu dute: auzo guztietan etxeetako balkoi eta leihoetatik ikusteko moduko ikuskizunak eginez, animazio kulturala indartuz kalean, liburu eta disko azokak antolatuz, edota kultur proposamenak eginez, liburutegi ibiltariak antolatuz, besteak beste. Egoera zaurgarrian dauden familien beharra azpimarratu dute ildo honetan.
- Donostia Kulturaren ikastaro telematikoetan parte hartu nahi edo ezin duten erabiltzaileei matrikula saria itzultzeko aukera ematea, eta presentzialki egin ahal izatean, beherapena izatea, izena berriro emateko.
- Liburutegi publikoen funtsak handitzea, bereziki, euskarazko produktuei dagokienez.
- 2021. urtera begira, profesionalen kultur sorkuntzara eta irabazi asmorik gabeko eragileei (dantza taldeak, festa batzordeak, inauteri konpartsak, danborradak…) bideratutako dirulaguntza lerroak % 100 indartzea.
- Bertako sortzaileen sorkuntzak lehenetsi, bereziki udalak antolatzen edo laguntzen dituen emanaldi eta jaialdietan (Jazzaldia, Hamabostaldia, zinemaldiak, Gasteszena…)
- Udako auzoetako festak berrartzea, “auzotarren arteko harremanak indartzeko, bizipozari eusteko, komunitatea egiteko”, aurreikusita zeuden moduan izan ez arren, horiek berformulatzeko moduak proposatu eta bultzatu behar direla azpimarratu dute, festa batzordeei horretan lagunduz.