"Ekuadorko Gobernuaren datuek izugarrizko mesfidantza sortzen dute"
Mundukide Kooperazio Fundazioko Ekuadorko langilea da Jon Arruti donostiarra, eta COVID-19 birusaren osasun krisia herrialde latinoamerikarrean nola bizitzen azaldu dio fundazioari, bideo elkarrizketa batean.
Koronabirusaren pandemia dela eta, Ekuadorko iparraldean garatzen ari zen kooperazio proiektua etenda zegoela azaldu zuen Arrutik duela bi asteko bideo elkarrizketan, eta koronabirusa han oraindik oso gogor jotzen ari ez bazen ere, jendea beldurtuta zegoela adierazi zuen. Oraingoan, ordea, kezkatuta agertu da herrialdea bizitzen ari den egoerarekin.
Izan ere, duela bi aste bera bizi den zonaldean koronabirus kasu positiborik ez zegoela azaldu zuen Arrutik, baina orain, datu ofizialen arabera, zazpi kutsatu daudela. Datu horiekin, aldiz, mesfidati agertu da donostiarra: “Herrialdeko hildakoen azken datuen arabera, 6.700 pertsona hil ziren aurreko bi asteetan Ekuadorren. Erregistro Zibilera jotzen baduzu, ordea, ikusten duzu bi astetan 1.000 pertsona hiltzen direla, batez beste. Horrek esan nahi du 5.700 pertsona gehiago hil direla bi aste hauetan, baina datu ofizialen arabera, 124 pertsona baino ez dira hil koronabirusak jota. Beraz, Ekuadorko Gobernuaren datuek izugarrizko mesfidantza sortzen dute, jendeak beldurrez jarraitzen du, ez dugu ulertzen zergatik ezkutatzen dituzten datuak”. Horren harira, gobernuak koronabirusak eragindako hildakoengatik dolu ofiziala ezarri duela adierazi du Arrutik, baina herritarrek ez dutela horri buruzko informaziorik.
Bestalde, herrialdean gertatutako beste ezbehar batzuekin ere kezkatuta agertu da Mundukideko langilea. Alde batetik, bi petroleo hodi hautsi direla azaldu du: “Petroleoa Amazoniatik ateratzen dute eta kostaldera ekartzen dute hodi batzuetatik, bidean mendikate batetik pasatuz. Lur mugimendu bat egon zen mendikate horretan, eta bi hodi hautsi egin ziren, petroleo isurketa bat eraginez. Petroleo hori Coca ibaira heldu da, eta, ondoren, Napo ibaira. Horregatik, gu hiru egun egon ginen urik gabe, nahiz eta orain badaukagun. Ordea, komunitate batzuetan, indigenen komunitateetan, bereziki, nahiko egoera larria bizitzen ari dira, koronabirusarengatik ezin baitira asko mugitu erosketak egiteko, eta jaten zituzten arrainak ibai horietakoak ziren”.
Bestetik, Morona Santiago probintziako Sangay sumendia erupzio jardueran hasi dela azaldu du Arrutik. Horrek bere zonaldetik, Orellanatik, Quito hiriburura joateko bideak istea eragin dezake, izan ere, bi bide daude hara joateko. Horietako bat moztuta dago luiziak egon direlako, eta sumendiaren egoerak okerrera eginez gero, beste bidea itxi dezakete: “Momentuz ez gaude oso egoera txarrean, janaria oso luzea den beste bide batetik ekartzen digutelako eta ura daukagulako, baina hurrengo egunetan zer gertatuko den izugarrizko kezka da guretzat”. Jarraian, Mundikideren elkarrizketa osoa: