Altzako Berra egoitzako egoera "oso larria" dela salatu du ELAk
Altzako Berra zaharren egoitzako egoera salatu zuen joan den astean hango langile batek, pertsonal eta material falta handia zutela azalduz. Egoera hori “oso larria” dela azaldu du Txomin Lasa ELA sindikatuko arlo soziosanitarioko arduradunak: “Berran 100 langiletik gora daude, eta 40 bat daude bajan koronabirusa dela eta, izan sintomak dituztelako edo izan positibo eman dutelako. Beraz, langileen ehuneko handi bat dago bajan. Horretaz gain, 35 egoiliarrek eman dute positibo, eta hamabi Matia kaleko Gurutze Gorrian daude. Gure datuen arabera, martxoaren 20tik apirilaren 17ra 25 hildako egon ziren, normalean, bat eta hiru pertsona artean hiltzen direnean hilabetean. Positiboetatik, datu ofizialen arabera, hamahiruk koronabirusan positibo eman zuten, baina normalean denbora tarte horretan bat eta hiru pertsona artean hiltzen badira, egoera oso larria dela ikusten dugu”. Horregatik, Osakidetzaren esku hartzea eskatu du ELAk.
Horregatik, Berran lanean jarraitzen dutenek lan karga handia dutela nabarmendu du Lasak: “Erizainak, esaterako, han lan egiten duten zortzietatik, sei bajan egon ziren azken asteetan. Beraz, beste biak hamar eta hamabi ordutako txandak egiten ibili dira. Erabat inplikatuta daude egoera honi buelta emateko, baina oso gogorra da, eta ondorioak negargarriak dira. Osakidetzak jarri du beste erizainen bat ordu batzuk egiteko, baina, hala ere, ez da nahikoa”. Horren harira, Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeramaileak azaldu du zaintzaile eta erizainen lan poltsak ireki dituztela arazoari aurre egiteko, baita eguneko zentroetako langileak zaharren egoitzak indartzera pasa eta kasu batzuetan, Osakidetzaren esku hartzea ahalbidetu ere. Erresidentzietako langileak egiten ari diren lanarekin “oso eskertuta” agertu da Mendoza, eta euren eskuetan hainbat baliabide jarri dituztela azpimarratu du: “Arreta psikologiko zerbitzu bat (900-43 43 43 telefonoan) jarri dugu langileentzat, eta aukera dute, era berean, ostatu hartzeko lurraldeko 14 hotelez osatutako sarean, zaurgarriak diren senitartekoak ez kutsatzeko edota lanerako joan etorria egiteko zailtasunak badituzte”.
Pertsonal eta material faltak Berrako egoiliarrak koronabirusarekin kutsatzeko aukerak handitzen dituela salatu dute ELAkoek. Mendozak azaldu duenez, “dagoeneko Berrara 3.000 maskara inguru bidali dira eta 800dik gora NBE oso”. Era berean, Berrako langile eta egoiliar “guztiei” test bikoitzak egin dizkietela azpimarratu du Mendozak, baita martxoaren hasieran egoitza guztietara prebentzio protokoloak bidali zituztela nabarmendu ere, protokolo horietan hainbat eszenatoki finkatzen direlarik, bakoitzean zer egin behar den azalduz. Lasaren arabera, ordea, egoitzetan zegoen material faltan oinarrituta egin ziren protokolo horiek, koronabirusak eragindako krisiak agerian utzi du material falta handia zegoela egoitzetan. Horretaz gain, langile eta egoiliarrentzat ez ezik, senideentzat ere egoera oso gogorra dela esan du ELAko arduradunak.
Bestalde, Lasak salatu du Berrako kudeaketa DomusVi enpresa frantsesak daramala, azpi kontratatuta, eta “berriz ere” agerian gelditu dela egoitzak horrelako enpresa baten esku uzterakoan, “diru sarrerak lehenesten direla herritarren interesen, langileen lan baldintzen eta egoiliarren bizi baldintzen gainetik”. Horregatik, pandemia hasi zenean euren 243 eguneko greba atzeratu bazuten ere, Lasak azaldu du koronabirusaren krisia bukatzean, erresidentzietako langileek “inoiz baino argiago” dutela grebara itzuliko direla euren aldarrikapenekin jarraitzeko: “Urteak daramatzagu sektore honetan borrokatzen, lehenesteko gehienetan emakumeen eskueta dauden zaintza lan hauek oso prekarizatuta daudela, eta ez direla bizitza eta zaintza lanak lehenesten, baina grebara itzuliko gara, langileen lan baldintza duinak eta egoiliarren bizi baldintza duinak bermatzeko”. Mendozak adierazi du aldundiarentzat zahar egoitzak “lehentasuna” direla une honetan, eta egongo dela denbora erresidentzietako lan gatazkaz hitz egiteko.
Ken Loachen keinua
Erresidentzietako langileen egoera ikusita, bere babesa adierazi die berriz ere Ken Loach zinemagile britainiarrak, Zinemaldian euren borroka ezagutu ondoren. Sorry we missed you filmarekin irabazitako saria eskaini zien orduan erresidentzietako langileei. Gutun baten bidez helarazi die babesa oraingoan, eta langileak oso eskertuta agertu dira.