Armiarma gizon bat Artzain Onean
Duela 94 urte, donostiarrek Artzain Onaren dorrera begiratzean, gizon bat ikusi zuten goraino igotzen. Inongo sokarik eta laguntzarik gabe, bere eskuak erabilita, dorrearen haize-orratzeraino igotzea lortu zuen. Gizon hau Miguel Puertollano dorre-eskalatzailea zen.
Amaitu dituzte dagoeneko Artzain Onaren dorrea zaharberritzeko lanak. Donostiarrek laster izango dute aukera eskailera berritik dorrera igotzeko.
Batzuk, ordea, lehenago ere igo izan dira dorrearen puntara, beste metodo batzuk erabilita.
1926. urteko irailaren 3an, ostiralean, Artzain Onaren plazan zebilen jendea txundituta geratu zen. Garaian eliza zenaren dorrean gizon bat gora egiten ari zen, bere eskuak erabilita soilik.
Miguel Puertollano zen armiarma-gizatiar hau, Jose Puertollano dorre-eskalatzaile famatuaren semea, hain zuzen. Urteak zeramatzaten elizetako dorreak igotzen.
Puertollanok Espainiako bandera jarri zuen dorrearen puntan, Primo de Riveraren diktadura garaia zenez. Kazetariei azaldu zien hurrengo astelehenean berriro igoko zela, bandera erretiratzeko. Bigarren aldi honetan, erlojutik igotzen hastea erabaki zuen eskalatzaileak, errazagoa eta ikusgarriagoa izango zelakoan.
Astelehen horretan, ordea, Puertollano ez zen agertu. Bertaratutako jendea ikuskizun gabe gelditu zen, antza denez, segurtasun arazoengatik.
Hurrengo egunetan zehaztu zuten berriro igotzeko data: irailaren 10ean, ostiralean, 18:00etan. Eguna iritsi zen, eta inguruko kaleak jendez gainezka zeuden. La Voz de Guipuzcoa egunkariak 10.000 pertsona inguru bildu zirela kontatu zuen.
Oraingoan bai, arratsaldeko seietan puntu-puntuan agertu zen Puertollano. Publikoa agurtu ondoren, eta bere aitaren seinalea entzunda, azkar eta trebezia handiz igotzen hasi zen, jendearen harriduraren aurrean.
Goraino iristean, zutik jarri zen, eta jendeak txalo zaparrada eskaini zion. Bandera kentzean, era askotako akrobaziak egin zituen, gimnasta baten moduan.
Hamar minutuan igo zen, eta bost minutuan berriro ere behean zegoen eskalatzailea. Jendeak, zirraratuta, inguratu egin zuen Puertollano, eta airean eraman zuten bere autoraino.
Ikuskizuna beste behin errepikatu zuen Artzain Onean, astebete beranduago. Geroztik, tamalez, ez da ezer gehiago idatzi Donostiak izan zuen Spiderman berezi honen inguruan.