Askatasun gosez
Atalarrak Zurriolan, mazopa bat eta zanga bat kai aldean, paumak Egiako kaleetan… Hiriko paisaia aldatu egin da zeharo azken asteotan. Naturak inoiz baino ozenago egiten du oihu. Auto ilarak eta gizakion marmara mututu egin dira, eta haize hotsa da orain hiriko zuhaitz artean doinu bakarra, txorien kantuarekin batera. Konfinamendua baliatuta, hiria hartu dute animaliek. Irabazi. Argazkia, lekuko. Egiako parkeko ahateak dira, Loiolako Erriberan barrena txangoa egitea erabaki zutenak, lasai asko. Eta gu, berriz, kaiolan. Aspaldiko abestia gogoan: «Nik ere nahi nuke izan urtxintxa bezala». Askatasun gosez. Segurtasun hesirik gabe ibiltzeko grinaz. Noraezean bizitzeko premiaz. Urtxintxa, atalarra, mazopa, zanga, pauma edota ahate pare hau bezain libre berriro ere izango ote garen esperantzaz. Eta bitartean, eutsi, zer bestela. Itxialdia amaitzean, askatasuna ez bada, gutxienez lagun horren besarkada zain izango dugulakoan.