Bizitokitik kilometro bateko eremua ikusteko mapa interaktiboa egin du Gaindegiak
Konfinamenduak, gutxienez, maiatzaren 9ra arte indarrean jarraitzen badu ere, igandetik aurrera 14 urte bitarteko haurrak kalera atera ahal izango dira.
Egunean behin, ordubetez, heldu batek lagunduta eta bizitokitik kilometro bateko eremuan irten ahal izango dira. Batzuetan, ordea, zaila da bizitokitik kilometro batera dagoen eremua zehazki zein den jakitea, eta horrek gaizki-ulertuak sortu ditzake.
Horregatik, mapa interaktibo bat sortu du Gaindegiak, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, bizitokitik kilometro batera dagoen eremua zein den zehatz mehatz jakiteko. Bilatzailean “Donostia” bilatuta, hiria egongo da ikusgai mapan, eta herritar bakoitzak, bere etxea non dagoen klikatuta, kilometro bateko eremuak zein zonalde hartzen duen ikusiko du, biribil urdin batekin markatuta. Mapa interaktiboa Gaindegiaren webgunean kontsultatu daiteke.