Donostiako maizterrentzako aholkularitza juridikoa eskaintzen ari dira
Koronabirusaren krisia dela eta, herritar askoren egoera ekonomikoa okerrera joan da, eta euren etxebizitzetako alokairuak ordaintzeko arazoak dituzte batzuek. Horregatik, eta maiatzaren 1eko Langilearen Egunaren harira, Donostiako maizterrentzako aholkularitza juridikoa eskaintzen ari dira Gazte Koordinadora Sozialista eta M1 Langileontzat plataforma, Ofentsiba gelditu lelopean.
Alokairua ordaintzeko arazoen inguruko zalantzak, kaleratua izateko arriskuen ingurukoak eta etxebizitzaren jabearekin egon daitezkeen arazoen ingurukoak (kontratua beltzean izanda laguntzarik gabe geratu izana, jabearen mehatxuak jaso izana, fidantza itzuli ez izana, prezioa igo izana, eta abar) kontsultatu daitezke, besteak beste. Horretarako, m1etxebizitza@gmail.com helbide elektronikoa eta 622-58 73 88 telefono zenbakia ahalbidetu dituzte.
Polizia jazarpena
Maizterretzako aholkularitzaz gain, konfinamenduan zehar polizia jazarpena jasan duten edo jasan ahal izateko kezka duten pertsonentzako aholkularitza ere eskaini dute. Zaintza lanak egiterakoan isunen bat jasotako pertsonek, indar polizialen mehatxuak jaso dituzten pertsonek edo kalera atera behar dutenek eskatu dezakete aholkularitza hori, besteak beste. Arlo horretarako, salbuespendonostia@gmail.com helbide elektronikoa eta 648-00 06 04 telefono zenbakia ahalbidetu dituzte.