«Ezin dugu dena kontrolpean izan, eta ez dakigu horrekin bizitzen»

Nagore Legarretak hainbat arlotatik izan du argazkilaritza lantzeko aukera, esaterako, Hernaniko Kronikan, diziplinaren inguruan emandako eskoletan, baita enkarguzko sorkuntzetan ere. Bere hitzetan, bere argazkilari jarduna beti egon da esperimentaziorako grinarekin lotuta, sormenarekin erlazionatuta, eta bere burua eta ingurua arakatzeko ikusminarekin lotuta.
Zein da zure ibilbide profesionala?
Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatu nintzen. Unibertsitateko azken urtea Suedian egin nuen, eta bueltatu eta berehala Hernaniko Kronikan, Hernaniko euskarazko egunkarian hasi nintzen lanean. 6 urte eman nituen han, kazetari eta argazkilari lanetan. Han heldu nion argazki kamerari, hasieran, berehalako eta gertuko errealitatera lotuta, baina pixkanaka, ezkutuago dauden errealitateak ikertzen hasi nintzen, ikuspegi artistikoagoa hartzen.
Bide horretan lagungarri izan zait argazkilaritza primitiboarekin izan dudan harremana. Ikastaro batean ikasi nuen ontzi batekin argazki kamera bat eraiki zitekeela, eta irudi oso misteriotsu eta estetika oso berezikoak lortzen zirela. Ordutik argazkilaritzaren ohiko formatuen mugak eta aukerak aztertzeari ekin diot. Hasieran argazki kamera bereziak diseinatzen nituen, baina orain hortik sortzen den irudien aukerak arakatzen ari naiz: material ezberdinak, formatu ezberdinak, irudiekin esanahiak sortzea, bi dimentsioetatik harago joatea, eta abar.
Ikerketa horretan 10 bat urte daramatzat; jakin-min propioak bultzatuta, argazki lan eta proiektu ezberdinak garatu ditut. Ikerketa horretatik sortu diren argazki lanekin erakusketak egin ditut, munduko leku ezberdinetan aritu naiz proiektu artistikoak garatzen, eta abar. Aldi berean, argazkilaritza irakaslea ere banaiz, eta enkarguz ere argazki lan ezberdinak ere burutu ditut: disko azalak, beste sortzaileekin elkarlanak, ekitaldiak, produktu argazkiak…eta abar.
Nola definituko zenuke zure argazkilaritza-jarduna?
Nire argazkilari jarduna beti joan da esperimentaziorako grinarekin lotuta, sormenarekin lotuta eta nire burua eta ingurua arakatzeko grinarekin lotuta. Orain arte egin ditudan argazki lan pertsonalei begiratzen badiet, esango nuke natura eta gorputza (bereziki emakumeon gorputza) izan direla lan lerro konstanteak. Horrekin batera, argazkilaritza analogikoarekin lan egiteak, eta eskuz lan egiteak, erabat kontrolatzen ez ditudan parametroekin lan egitera eramaten nau, eta horrek denboraren poderioz estetika jakin bat garatzea ekarri du: zakartasuna eta edertasunaren arteko oreka fin horretan ibiltzea maite dut.
Zure jardunean zein aldaketa eragin ditu COVID-19ak?
Hau hasi aurretik egitasmo ugari nituen esku artean: erakusketak, tailerrak, enkarguak, eta abar. Horien artean azpimarragarriena, Astigarragako Emakumeon Plazan sortuko dugun 33 metro linealeko murala, kristal gainean serigrafiatuko dena. Asmoa da murala herriko emakumeen parte hartzearekin osatzea, eta egindako deialdiak arrakasta itzela izan zuen: herriko 240 emakumek eman zuten izena argazki saioetarako. Prozesu hori martxan zegoen, pil-pilean, baina kolpetik gelditu behar izan dugu, baita gainerako guztia ere. Lan gehienak atzeratu egingo dira.
Itxialdiak kalte ugari sortu ditu osasunean, jende askoren bizi baldintzetan, ekonomian eta oraindik ere neurtu ezin ditugun beste alor askotan. Baina gauzei, ahal dela, alde onak bilatzea komeni izaten denez, denbora hau esperimentatzeko unea izaten ari da niretzat, buruan zintzilik nituen proiektuei eusteko. Gabonetan laborategia jarri genuen etxean, eta ordu dezente egin ditut irudi-piezak sortzen, horiei buelta pare bat ematen, pasilloko horman zintzilikatzen, eta elkarrekin nola funtzionatzen zuten pentsatzen.
Erreportajerako aukeratu ditudan irudiak, konfinamenduan egin ditudan lanak dira, baina argazkiak ez dira oraingoak. Giza gorputza, bereziki emakumezkoena, izan da nire lan lerro konstante bat: gure ezinegonak, indarra, askatasunerako gogoa, libidoa, gorrotoa, eta abar. Dena dago idatzita horietan, filtrorik eta mozorrorik gabe. Gorputzaren adierazpen horrekin lan egitea gustatzen zait, ulertzeko, jabetzeko, askatzeko eta adierazteko. Niretzat gai hori beti izan da garrantzizkoa, koronabirusarekin edo gabe.
Inguratzen gaituen errealitatea bisualki oso desberdina da orain. Nola hautematen duzu zuk?
Kalera oso gutxi atera naiz, eta egin dudanean, txoke handia hartu dut, oso gogorra da kaleak horrela ikustea. Ez dut argazkirik egin testuinguru horretan. Koronabirusa gaitzat hartuta, eduki kultural ugari ari da sortzen egunotan, beharrezkoa eta aberasgarria.
Une hau, hala ere, errealitate horri lotuta lan egiteko baino gehiago, atzetik zetozen proiektu, ideia eta errealitate atenporalago eta subjektiboagoei heltzeko aprobetxatu dut. Askotan irudiak nire buruan sortzen dira, eta konfinamenduak kanal horri lotuta egoteko aukera eman dit. Etxean nituen negatiboak hartu eta buelta pare bat emateari ekin diot, oraindik ere ikusten nuelako aukera asko zeudela material horretan. Aspaldi nenbilen horretarako tartearen bila, eta nahiko modu arraroan bada ere, etorri da.
Zerk eman dizu atentzioa gehien?
Bizitzan lehen aldiz, inork kontrolatu ezin duen egoera bat bizitzen ari garela, eta horrek sortzen duen ezinegona nola ari garen kudeatzen. Ikusten ditut politikariak eta hedabideak gertutako dena lotu nahian, baina inork ezin du jakin zer gertatuko den, ezta honek zein epe izango dituen ere. Orain arte uste izan dugu dena kontrolpean genuela, etorkizuna lotu zitekeela, hainbat gauza erosiz, edo han eta hemen inbertsioak eginez. Baina ezin dugu lotu gertatuko dena, ezin dugu dena kontrolpean izan, eta ez dakigu horrekin bizitzen.
Bestetik, egun hauetan ikaragarria izaten ari da hainbat pertsonak eta sektorek erakutsi duten gizatasuna. Eta eskerrak eman nahi dizkiet den-denei, bihotzez. Hala ere, amorru handia ematen dit, gizatasunaren inguruko mezu horiek telebistan publizitatea egiteko erabiltzen dituztela ikusten dudanean. Denak orain arteko norabide berean jarraituko duela pentsarazten dit.
Zer da konfinamendua amaitzean egingo duzun lehen gauza?
Aita eta ama ikustera joan.
Zergatik aukeratu dituzu pieza horiek erreportajerako?
Argazki hauek aukeratu ditut, orain konfinamenduan egin ditudan lanak direlako. Argazkiak ez dira oraingoak, esan bezala giza gorputza, bereziki emakumezkoena izan da nire lan lerro konstante bat: gure ezinegonak, indarra, askatasunerako gogoa, libidoa, gorrotoa…dena dago idatzita bertan, filtrorik edo mozorrorik gabe. Gorputzaren adierazpen horrekin lan egitea gustatzen zait, ulertzeko, jabetzeko, askatzeko eta adierazteko. Niretzat gai hori beti izan da garrantzizkoa, koronabirusarekin edo gabe.
1. Itsaso minez… Olatu-frekuentzia sinpleetan lanean. Materialak, momentuak: bere garaian, Donostiatik Lekeitiorako autobusean leihotik ateratako irudia, hego haizeak itsas azala harrotzen zuen. Gainean, uharte izan nahi duen sorbalda, aluminiozko xaflan positibatua. Markoa, birziklatutako egurrekin eraikitakoa.
2. Zentauroa edo lamia… Erdi palmera den emakumea…Gerritik behera lotsati…Erditik gora harro… Lumadun oilarraren antzera. Materiala: zuntzezko argazki paperean positibatutako irudiak, kristalezko sandwichean sartuta; kristala eskuz moztua, eta markoa ere eskuz egina.
3. Igotzeko zain… Metalean, emultsioa erabilita, positibatutako irudia. Egurra, itsasoak ekarritakoa. Kristala foku zahar batek zuena da.
4. Hatz egitera iristen ez garenekoa. Harri bat ere badu zintzilik, Kanariar uharteetatik ekarritakoa, grabitatearen indarraren eta zutik mantentzeko dugun beharraren lekuko. Pieza: eskuz positibatutako irudia akuarela paperean. Markoa zakarretatik hartutako taula batzuekin egindakoa.
5. Irentsi ez nazaten. Materialak: argazki paperean positibatutako irudia (lixibarekin zertzelada bat edo beste, irudia zuritzen zen ikusteko), azpian, karrozari zinta emultsionatua eta belatua. Markoa, zaborrontzitik hartutako egurrekin eta kristalarekin eraikia.