Firestone lantegia husten saiatu direla salatu dute
Ertzaintzak Añorgako Firestone lantegi berreskuratua arakatu zuen asteartean, eta hainbat pertsona identifikatu zituen. Konfinamendua eraikina husten saiatzeko aprobetxatu dutela salatu dute gune autogestionatuko kideek.
Firestone lantegi berreskuratu barruan zeuden lagunen arabera, astearteko 9:00ak aldera, fabrika zaharraren lursailaren jabe den Gailur Alde SL enpresako bi langile eraikinean sartu ziren, atzeko atea bortxatuta. Han bizi diren lagunen eta langileen arteko tentsio une bat egon zen, eta Ertzaintza eta lursailaren jabea bertaratu ziren. Langileek esan zuten jabeak bidali zituela lantegia hustera. Duela bi urte inguru ere beste langile batzuk hara joan ziren, helburu berarekin.
Agenteek lantegi guztia arakatu zuten eta barruan zeuden pertsonak identifikatu zituzten, baita babesa adieraztera gerturatu ziren pertsona batzuk ere. Azken horiei 600 euroko isunak ezarri zizkieten, konfinamendua urratuz eraikinera joategatik. Hala ere, ez zuten Firestone lantegi berreskuratua desalojatu, prozesu judiziala hasita dagoelako.
Hain justu, konfinamendua hasi baino bi aste lehenago, aipatu enpresaren salaketa bat jaso zuten okupazioagatik, baina alarma egoeraren ondorioz, prozesu judiziala geldirik dago. Horregatik, eraikina husteko saiakera «legez kanpokoa» izan zela adierazi dute Firestonekoek, eta koronabirusak eragindako egoera aprobetxatu dutela uste dute: “Duela bi aste langile batzuk etorri ziren argazkiak egitera, saiakera honi begira, segur aski. Gunea babesteko aukerarik ez dugunean etorri dira”. Donostiako Udalak adierazi du ez duela gaiaren inguruko informaziorik, ez delako euren eskumena.
Ia bost urte bizirik
2015eko maiatzaren 1ean okupatu zuten 200 bat lagunek Firestone fabrika abandonatua, inguruko herri mugimendua saretzeko eta ekoizpenerako bideak langileentzako berreskuratzeko helburuarekin. Eraldia mugimenduaren bidez berreskuratu zuten lantegia, eta lan, harreman eta bizimodu eredu alternatiboak sortzeko egitasmoak garatzeko espazio bat eraikitzea zen mugimenduaren helburua.
Gune autogestionatua eraikitzen hasi zirenean, zera zioen Jone Etxeberria Eraldiako kideak: “Espazio hau itxita egon da urtetan, eta bitartean Añorgak espazioak behar ditu herri proiektuak aurrera ateratzeko. Horregatik, prekarietateari ekintzarekin erantzuteko eta gure proiektuak saretzeko espazioa sortuko dugu, modu horizontalean”. Ordutik, askotariko proiektu autogestionatuak antolatu dituzte. Gailur Alde SL enpresak, ordea, 250 etxebizitza egin nahi ditu han, Firestoneko kideen esanetan, “hiriko gentrifikazioaren eta turistifikazioaren barruan”.