Haurrekin irteerak modu arduratsuan egiteko eskatu du Udalak
Ezarritako neurriak azpimarratzeaz gain, parke eta hondartzek itxita jarraituko duela adierazi du. Era berean, mapa bat egin du hiriko eremu guztietan dagoen umeen dentsitatearen eta espazio publikoen arteko harremana jasotzen duena.
Donostiako Udalak hamalau urte bitarteko haurrekin egingo diren irteerak “erantzukizunez” eta “modu arduratsuan” egitea eskatu die guraso eta arduradunei. Horretarako, atzo Pablo Iglesias Espainiako presidenteorde bigarrenak esandako neurriak berretsi ditu: haurrak etxe berdinean bizi den heldu batek lagunduta atera daitezkeela eta gehienez hiru haur batera, egunean gehienez ordubetez eta etxetik kilometro bateko eremuan, goizeko bederatzietatik gaueko bederatzietara. Haurrek jostailuak, bizikleta edo patinetea atera ahal izango dituzte, baina ez partekatu. Era berean, udalak azpimarratu du helduen ardura dela irtenaldiak erantzukizunez eta irizpideak errespetatuz egitea.
Bestalde, jakinarazi du alarma egoera hasi zenetik itxita dauden hiriko hondartzak eta parkeak —besteak beste, Aiete, Urgull, Egiako Parkea edo Ametzagaina— igandetik aurrera ere ezingo dira erabili, itxita jarraituko baitute. Horrez gain, haur parkeak eta eremu komunak erabiltzea debekatuta dago.
Era berean, Udal Informazio Unitateak mapa bat egin du, hiriko eremu guztietan dagoen adingabeen dentsitatea eta eskuragarri dagoen espazio publikoaren arteko proportzioa jasotzen duena. Alegia, Igandetik aurrera, espazio publikoa kontuan hartuta, Iruresoro, Larratxo, Oleta eta Eskalantegi eman daiteke haurren kontzentrazio handiena kalean. Txikiena, aldiz, Miramon-Ospitaleak-Zorroaga zonaldean, Intxaurrondo Hegoan edo Igara-Berio zonaldean, besteak beste. Mapa osoa beheko irudian edo esteka honetan ikus daiteke.