Hiriko merkatari eta ostalari txikiak lagunduko ditu udalak
COVID-19 birusa krisi ekonomiko bat eragiten ari da, eta saltoki eta ostalaritza establezimendu txikiak izango dira kaltetuenetako batzuk. Krisi horri aurre egiteko, plan ekonomiko bat garatu du udalak, merkatari eta ostalari txikiak diruz laguntzeko.
Koronabirusa dela eta, Donostiako Udalaren lehentasunak aldatu egin direla azaldu zuen Eneko Goia alkateak asteartean Marisol Garmendia bigarren alkateordearekin batera egindako agerraldian. Horregatik, diru gehiago bideratuko dute Gizarte Ekintzaren arlora eta osasun krisiak hiriko jarduera ekonomikoan sortzen ari den arazoei aurre egitera.
Hain zuzen, 2,6 milioi euroko plan ekonomiko bat garatu dute, Donostia Sustapena elkartearekin elkarlanean. Plan horren lehenengo fasea hiriko saltoki eta ostalaritza establezimendu txikiei diru-laguntzak ematean datza, izan ere, nahiz eta itxita egon, gastu finkoak dituzte guztiek. Gainera, Donostiako ekonomia jarduera indartsuenetako batzuk dira merkataritza eta ostalaritza txikia, hiriko BPGaren %8,5 eta %6,5 hartzen baitute, hurrenez hurren: 2.622 saltoki txiki (8.722 enplegu) eta 1.440 ostalaritza establezimendu txiki (8.326 enplegu) daude. Astelehenean bertan abiaraziko dute lehenengo fase hori, eta laguntza eskaerak Donostia Sustapenaren webgunean, ahalbidetuko duten txat birtual batean eta telefonoz egin ahal izango dira.
Astebeteko epea egongo da horretarako, eta dirua eskatzaile guztien artean berdin banatuko dute, baldin eta establezimenduak hamar langile baino gutxiago baditu. Horretaz gain, laguntza gehiago jasoko dute Altzako, Bidebidetako, Herrerako, Intxaurrondoko, Egiako, Loiolako eta Martuteneko establezimenduek, langabezia tasa altuagoa baita auzo horietan. Era berean, 2019an sortutako negozioek, 45 urtetik gorako pertsonek eta emakumeek laguntza bereziak jasoko dituzte.
Planaren lehenengo fasearen helburua ekonomiari eustea den bitartean, bigarren fasearen helburua ekonomia berraktibatzea izango da. Horretarako, Donostia Market Place Internet bidezko plataforma sortu dute, “Amazon donostiar bat”, Garmendiaren hitzetan. Plataforma horretan, hiriko saltoki txikiek eta negozioren bat duten norbanakoek euren produktuak eta zerbitzuak eskainiko dituzte, edozeinek erosteko moduan. Horri esker, gerora, kontsumo bonu batzuk eskainiko ditu udalak. Bonu horiek prezio jakin batean eskuratu ahal izango dira, eta udalak euren balioa hirukoiztuko du, herritarren kontsumitzeko ahalmena handituz.
Bestalde, Donostiako sustapen zentroetan (Enertic, Zentek, Cemei, Pia, Yeyette Etxea, Belartza eta Democenter) dauden 214 enpresen laguntzei dagokienez, bakoitzaren egoera aztertuko dute, eta alokairuaren ordainketa salbuetsi edo atzeratu –konfinamendua bukatu ondoren, bi hilabete, asko jota– ahal izango dute. Era berean, enpresentzako eta langabetuentzako Internet bidezko ikastaroak eskainiko dituzte, euren formakuntza eta lehiakortasuna hobetzeko.
Plana kritikatu du EH Bilduk
EH Bilduk begi onez ikusi ditu planeko alderdi batzuk, hala nola, Donostia Market Place plataforma sortzea, baina plana bera kritikatu du, hiriko eredu ekonomikoa birplanteatu behar dela uste baitu. Izan ere, oposizioko alderdiaren arabera, udal gobernuak bultzatutako eredu ekonomikoaren motor nagusia turismoa da, eta “pandemia honek agerian utzi du oso sektore lurrunkorra dela”. Era berean, Donostiako langabezia tasa %11,5era igo dela gogoratu dute, Gipuzkoakoa eta EAEkoa gaindituz.
Bestalde, EH Bilduren arabera, planaren lehenengo fasera 1,5 milioi euro bideratuko ditu udalak, eta 2.200 eskaera jasotzea aurreikusten dute. Beraz, bakoitzak 681 euro jasoko lituzke. EH Bilduren ustez, diru kopuru hori ez da nahikoa.