«Jendearen egunerokotasuna balkoietara atera da. Gizakion ‘udaberriratze’ bat ikusi dut»
Ogibidez finantza arloan badabil ere, duela bizpahiru urte argazkilaritza «serioago hartzen» hasi zen Aitziber Orkolaga. Diziplina hori bere barruan gertatzen diren gauzak ulertu eta kudeatzeko balio dion «lanabes mugagabea» dela uste du, «emozioak beste era batean kudeatzeko aukera» ematen diona.
Zein izan da zure ibilbide profesionala?
Gaur egun finantzen munduan nabil lanean, baina duela bizpahiru urte argazkilaritzan ere hasi nintzen modu serioan. Horrek, Plaketak proiektua sortzera eraman ninduen. Joan den urtean, BAFFEST-en [Barakaldoko Argazki Jaialdia] barruan, euskal emakume argazkilari berrien saria irabazi nuen. Gaur egun, Barakaldoko kaleetan dago ikusgai nire lana, egoerak asko laguntzen ez badu ere. Plaketak proiektuak zenbait hitzaldi eta erakusketa egiteko aukera eman dizkit.
Nola definituko zenuke zure argazkilaritza jarduna?
Ba, gai ezberdinak jorratzen saiatzen banaiz ere, azkenean beti bukatzen dut barruak husten. Nere barruan gertatzen direnak ulertu eta kudeatzeko balio didan lanabes mugagabea dela esango nuke niretzat argazkilaritza, emozioak beste era batean kudeatzeko aukera ematen didana.
COVID-19ak guztion bizitzak eta egoteko modua aldatu ditu. Zure jardunean zein aldaketa eragin ditu?
Orain arteko nire jarduna beti egon da naturarekin erlazionatua. Orain, konfinamendua etxe zuloan bakarrik pasatzea suertatu zait, eta horrek eremu berriak esploratzera eraman nau: autorretratuak egin ditut, material berriekin jolasten aritu naiz, eta etxeko zoko guztiak miatu ditut, kasik harramazkatzen. Gainera, itxialdiaren lehenengo astean proiektu batean hartu nuen parte: Europako 48 argazkilariren artean, konfinamenduari buruzko liburu bat argitaratu dugu. Elkarlan horrek ere aktibatzeko balio izan du.
Egun hauetan kalera lan egitera ateratzeko aukera izan duzu?
Ez dut aukerarik izan. Kaleak soilik erosketak egitera jaitsi naizenean ikusi ditut.
Zure konfinamendutik, nola ikusten dituzu agindutako isolamenduaren ondorioz sortu diren paisaia berriak?
Nire kasuan, balkoia da kanpoalderekin dudan lotura bakarra. Eta txoko maitea bihurtu da. Ez dut handik erretratu gehiegirik egin, baina, handik begira orduak pasa ditut. Eta bere alde onak izan ditu. Jendearen egunerokotasuna balkoietara atera da. Gizakion udaberriratze bat ikusi dut. Parean bizi diren pertsonengan erreparatzea atsegina izaten ari da. Hamar urte dira leku berean naizela, eta aitortu behar dut bizilagunak nortzuk ziren ere ez nekiela.
Bizitzen ari garen ezohiko egoera honetan, zerk eman dizu atentzioa gehien?
Espazio murriztu batean egoteko jendeak azaldu duen gaitasuna, moldatzeko ahalmena. Eta egoerari aurre egiteko berrasmatze ariketa.
Aukerarik zabaldu al dizu egoera honek sorkuntza aldetik?
Erabat. Prozesu bat da. Bakarrik egoteak, kanpoaldearekin daukagun harreman hori eten ostean, asperdurara eramaten zaitu lehenik. Eta pixkana barrualdearekin konektatzen zoaz, erabat bakartua sentitzen zaren arte. Eta orduan hasten da magia sortzen, bakardadean jolasteko gogoa eta sorkuntza loratzen.
Zergatik aukeratu dituzu argazki horiek erreportajerako?
Itxialdian ateratako argazkiak eta egindako lanak dira. Eta denek dute bizitako momentuaren esanahiren bat. Nire egoera edo animoaren araberako kronologia txiki bat sortu da.
Zer da konfinamendua amaitzean egingo duzun lehen gauza?
Ez dakit. Etxekoak berriz ikustea ziurrenik. Ez dut uste zakurrei katea kentzen zaienean bezala kalera atera, eta lehengo bizitza berera bueltatuko garenik. Ohitu beharko gara, eta ingurua berriro ere gure egin beharko dugu. Pixkanaka…