«Kezkatzen nau honek guztiak nola prekarizatuko duen lehendik prekarioa zen jarduna»
Arte Ederrak ikasi zituen Joseba Parronek, eta komunikazioaren hainbat alorretan lan egin du: ikus-entzunezkoetan, diseinuan eta ilustrazioan, gehienbat. Gainera, 40 urte daramatza argazkiak egiten. Gurasoei esker, txikia zenetik, argazkilaritza eta artea jolaserako eta esperimentaziorako «eremu pribatuak» bilakatu ziren beretzat.
Eraginik izan al du koronabirusak zure jardunean?
Horrelako astindu batek barrenak mugiarazten dizkizu; kezka eta tentsioak saihestezinak dira, eta horiekin ahalik eta txukunen jardun behar. Lanagatik, ahal den moduan, auzoko zaintza taldean zein beste herri mugimendu batzuetako komunikazioan laguntzen saiatzen ari naiz; eguneroko jarduna ez zait hainbeste aldatu. COVID-19ak eragindako aldaketek baino gehiago kezkatzen nau honek guztiak nola prekarizatuko duen lehendik prekarioa zen jarduna.
Bisualki asko aldatu dira gure inguruko paisaiak. Nola hautematen duzu zuk konfinamenduak eragin duen errealitate hori?
Konfinamendua agindu baino egun batzuk lehenago nabaria zen kalean gero eta jende gutxiago zebilela. Egunean bertan, parkeak eta eskolak itxi zituzten, eta lehenengo ilarak ikusi genituen saltokietan; baita jendearen urduritasuna eta kamerekiko mesfidantza ere: jendeari argazkia egiteko baimena eskatzean, gehienak ezetzak izan ziren. Igande horretan, Antiguatik Bulebar aldera joan behar izan nuen, erreportaje baterako kale hutsen argazkiak egitera. Badia hor zegoen, baina ez nuen inongo gozamenik sentitu paseoan, gogoa iluna nuen eta gauza bera ikusten nuen han zebiltzanen begietan. Egindako hurrengo erreportajea saltoki txikien ingurukoa izan zen, eta merkatari horien kemena eta adeitasuna sentitzea bereziki goxoa izan zen. Gertuko kontsumo eta zaintza taldeen inguruko argazkiek esperantzarako leku bat badagoela berresten didate.
Egun hauetan kalera lan egitera ateratzeko aukera izan duzu, beraz.
Bai. Atera naiz, eta balkoitik ere argazki asko egin ditut.
Konfinamendu egoera honetan, zerk eman dizu atentzioa gehien?
Balkoietatik egindako txaloek, musikariek, aurpegi alaiek zein tristeek, balkoian kirola egiten dutenek, balkoian Aberri Eguna eta futbol finala ospatzen dutenek, ilargiaren zikloak, argi-oilarraren bisitak eta sagarrondoaren loratzeak, besteak beste. Baita balkoitik ikusitako eta orain publikatu ezin diren irudi askok ere, erabilera komunitarioa izaten ari diren zabaltzetan eta barruko patioetan ikusitakoak, adibidez.
Sentsazio anabasa bat da. Ordenatu beharreko zertzeladak, patxadaz hausnartzekoak.
Aukerarik zabaldu dizu egoera honek sorkuntza aldetik?
Bai. Argazkigintza jolas estetiko moduan erabili, eta azken urteotan natura eta gizakion arteko harremanaz hausnartzeko baliatu dut. Jolas horrek erantzunak baino gehiago galdera kateak sortzen dizkit: pantano batean lertxun baten irudia natura-argazkia bada, pantano beraren argazki bat ez al da natura-argazkia, gizakiok eraikia bada ere? Huskeria eman dezake, baina birus honek horren antzerako kezkak sortzen dizkit. Natura eta gizakiok sortutakoaren arteko harremanak muturreraino konplikatu dira, sapiens delakoon biziraupena kolokan jartzeraino. Naturarekiko begirada aldatu beharrean gaude. Estetikak horretan ere lagunduko du.
Zer da konfinamendua amaitzean egingo duzun lehen gauza?
Normaltasun berriari tamaina hartzen saiatuko naiz. Era berean, argazkien bidez, neure buruari eta horiek ikusten dituztenei galderak egiten jarraituko dut. Begirada pausatu behar dugu, eta kontsumoaz baino gehiago, kontenplazioaz gozatzen ikasi behar dugu.